IMA. Hegazkin txartelak eskura luzatu zizkigun bulegaria: “Hemendik hiru ordura aterako da hegazkina”. Banku batean eseri ginen, Barajasen. Pasa ziren orduak, hiru, lau, bost, sei... eta gu han. Marmol berdezko estatua bat nuen ondoan, eseria, konpainia egiten. Artista zahar bat omen zen, isilik egon zen, kexatu gabe. Galdetzekotan egon nintzen ea berak ere Air Madridekin hartu zuen hegaldia. Madrid- Lima.
LIMA. Peruko hiriburua omen biztanleen artean ezberdintasunik gehien dagoen hiria. Nik aitona bat ikusi nuen oinutsik. Txakur txiki bat zuen atzetik segika, jertsea jantzita. Amona bat etorri zitzaigun gero limosna eske. Ezetz esan genion. Badaezpada, ezezkoa konfirmatzera, neskatxa txiki bat azaldu zen haren atzetik eskua luzatuz. Zuhaitzen adin kalkuluak esku ahurretarako balio badu, batek laurogei urte izango zituen, besteak hiru lau. Biek ofizio berdina. Ez dakit hori berdintasuna edo ezberdintasuna ote den. Baina berdin da, giro ederra zegoen han turistentzat; klima.
KLIMA. La Pazetik gora, El Alto, izenak berak salatzen du: ia lau mila metro itsasoz gora. Eta hegazkinak han hartzen du lur. La Pazera taxian jaisten da, “el que tiene plata”. Zero azpitik zegoen tenperatura gu iritsi ginenean. Eta taxia leihoak ondo zabalduta jaitsi zen autopista deitzen dioten horretan behera. Nire gaztelera ederra luzitu gabe ezin utzi: “El viento sopla fuerte eh compañero” “Nooooo hermanito, acaricia nomas”. To, KILIMA.