argia.eus
INPRIMATU
Hitzetik ekintzetara pasatzeko deia eginez dator 22. Korrika
  • Hitzekin goiburua Euskal Herrian barrena zabalduz, hitzetik ekintzerata igarotzeko deia egin nahi dute. Martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo da Korrika, eta Amurriotik Donostiara joango da.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 17a
Argazkia: @aierrazkin

Koronabirusaren eraginez urtebeteko atzerapenarekin egingo den arren, 2022an Korrikaren 22. edizioa gauzatuko da. Hala baieztatu dute asteazken goizean Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian. Oraindik xehetasun guztiak eman ez badituzte ere, datak eta ibilbidea nondik nora joango den aurreratu dute: martxoaren 31n abiatuko da Amurriotik, eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara. Korrikaren ibilbide zehatza ezagutzeko pare bat hilabete itxaron beharko dela aurreratu dute antolatzaileek.

Hitzekin izango du goiburu datorren Korrikak, helburutzat baitu hitzetatik ekintzetara igarotzeko deia zabaltzea. Izan ere, azpimarratu dutenez, "hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak". Hala bada, herritar zein erakunde interpelatu nahi dituzte, hitzetatik ekintzara pasa daitezen.

Dagoeneko badago aukera Korrikaren laguntzaile egiteko, edota ekimena diruz laguntzeko. Petoa edota bestelako materiala salgai daude AEKren webgunean.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots-i aitortza

Korrikaren edizio guztietan bezala, honetan ere omenaldirako tartea egongo da. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira omenduak, "euskal munduan eta, are garrantzitsuago, euskaraz" egindako 34 urteko ibilbideagatik. "1987an ekin zioten, haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote", azaldu dute aurkezpenean.

Aurkezpen bideoa: