argia.eus
INPRIMATU
Hitzen Uberan ataria ez dute gehiago elikatuko
  • Euskal Idazleen Elkarteak iragarri duenez, literaturan espezializaturiko webgunea elikatzeari utzi diote urte berriarekin. Artxibo gisa iraungo du, eta elkartearen webgunean egingo diote lekua idazleen lanak sustatzeari.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2022ko urtarrilaren 12a

2010. urtean Hitzen Uberan ataria sortu zuen Euskal Idazleen Elkarteak, literatur eta kultur munduko jendeen arteko zubi lanak egiteko. Uxue Alberdi eta Oier Guillan idazleak hasi ziren bertan kazetari lanetan, Testuketan irratsaiotik webgunera igaroz. Hamaika urtez literaturaren inguruko zernahi topatu ahal izan du zaleak bertan: albisteak, irakurle taldeen mapa, elkarrizketak, liburuen aurkezpenetako bideoak, kritikak, iruzkinak, Irakurrieran irratsaioa, komunitate atala... hamaika urtez askotariko edukiak zabaldu ditu sarean Hitzen Uberanek.

Alberdi eta Guillani Danele Sarriugarte eta Imanol Ubeda ere gehitu zitzaizkien kazetari lanetan, eta dozenaka izan dira webgunean modu batera edo bestera kolaboratu dutenak. Idazleen Elkarteak adierazi duenez, sorreratik edo ia sorreratik aritu diren lau lagunen artetik bakar bat ere gelditzen ez delako hartu dute erabakia: “Haiek gabe ez litzatekeelako inoiz gauza bera izango”.

Hala ere, idazleen lanak sustatzen jarraituko duela azpimarratu du elkarteak, bere webgunean bertan. Horrez gain, artxibo gisa geratuko da Hitzen Uberan webgunea, nahi duenarentzat eskuragarri. Joan den urteko abenduaren 31n argitaratu zuten atarian azken elkarrizketa, Danele Sarriugartek Itziar Ugarteri eginikoa: “Oso ikusita dauzkagula uste dugun lekuetan badaude oraindik ikusi ez ditugun gauzak”.

Hitzen Uberan zabaldu aurretik ere literaturaren ingurukoak jendarteratzeko proiektuak bazituen Idazleen Elkarteak, Komatxo artean eta Testuketan irratsaioak, besteak beste, baina webgunea bide horretan sakontzeko modua izan zen. 2020ko azaroan bete zituen atariak hamar urte, eta aitzakia horrekin proiektuaren errepasoa egin zuten.

Hona hemen hamargarren urteurreneko ekitaldiaren harira egindako bideoa: