argia.eus
INPRIMATU
Hitzarturen lehen Gune Irekia egingo dute hurrengo larunbatean, Landaberri ikastolan
  • Hitzarturen lehen Gune Irekia egingo dute hurrengo larunbatean, Landaberrin.Herritarrak deitu dituzte hondakinen kudeaketari buruz eztabaidatzera. Egun osoan ahalik eta iritzi gehien bildu nahi dituzte, kontsentsuzko erabaki bat hartzeko

     

     

     

Txintxarri @txintxarrieus 2018ko maiatzaren 04a
GuraSOSeko Belaustegi Hitzartu egitasmoa aurkezten. (Argazkia: GuraSOS)

Itxura hartzen hasi da Hitzarturen parte hartze prozesua. 2030. urtera arteko hondakinen kudeaketa plan bat adosteko helburua du proiektuak. Kontsentsuzko erabakia izan behar du herritarrena, denei eragiten dien gaia baita. Alde batetik, adituen batzordea eratuko dute, baina berebizikoa da gainerako pertsonek pentsatzen dutena ere jakitea. Horretarako da Gune Irekia elkarrizketa saioa. Lasarte-Orian egingo dute lehena, larunbat honetan. Landaberri ikastolan dute hitzordua, 10:15etik aurrera. 

Elkarrizketa saio "naturala" da, Jokin Telleria Hitzartuko koordinatzaileak azaldu duenez.  "Ahalik eta anitzena nahi dugu izatea". Ondoren aktak jasoko dituzte, eta parte hartzaileei eta hedabideei helaraziko dizkiete.

Herritarrek beraiek jarri ahalko dute gai zerrenda. Alegia, haien kezkei buruz eztabaidatuko dute. Telleriaren hitzetan, parte hartzea "librea" izango da, eta norberak talde batetik bestera joan ahal izango du interesatzen zaion gaiaren arabera. "Ez da zertan egun osoa egon beharrik. Tartetxo batez parte hartu, eta beranduago ere itzuli daiteke nahi duenak".

Ez da aditua izan beharrik prozesu horretan aritzeko. Osatuko dute batzorde bat zientzialari eta beste akademikoekin, oraingoan herritarren ahotsa entzun nahi dute. "Egongo da gehiago edo gutxiago dakiena, baina garrantzitsuena da bakoitzak bere iritzia ematea", dio Telleriak. 

Lehen elkarrizketa 11:45-14:00 bitartean izango da. Bazkaria eskainiko dute gero, hiru eurotara: paella, fruta eta edaria. Arratsaldean jarraituko dute eztabaidek, eta festa batekin amaituko dute. Parte hartzeko eta bazkaria erreserbatzeko, komunikazioa@gurasos.org helbidean edo www.gurasos.org webgunean

Haurrak ardatz

Erraustegia gai arantzatsua da, baina haren ondorioak sufrituko dituztenak dira haurrak, epe luzera begira antzemango baitira gehienak. Hain justu, gaztetxoak ere deitu dituzte Gune Irekira, haiek ere parte hartu dezaten. "Jendea etorri daiteke haurrekin. Haientzako tailerrak egingo dituzte". 

Euskal Herrian egingo duten gisa honetako lehen saioa izango da Landaberrikoa. "Ideia da hemendik zabaltzea beste herrietara". 

Albiste hau Txintxarrik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Gertakizunaz, ikusi Noauan:
Hondakinen kudeaketaz herritarrek hitza hartzeko jardunaldia larunbatean Landaberri Ikastolan
“Hondakinen kudeaketaren gaiari nola aurre egingo diogun eztabaidatu eta adostu behar dugu”