argia.eus
INPRIMATU
Hitzarmenak ikastetxeei eskatzen dien baldintza bakarra segregazioari lotutakoa dela kritikatu du Ikastolen Elkarteak
  • EAEn badatorren hezkuntza legeari begira, betebehar batzuk betetzen dituzten ikastetxeek %100eko finantzazio publikoa jasotzea ongi ikusi du Ikastolen Elkarteak, baina ez du ulertzen zergatik aipatzen den betebehar bakarra, ikasleen segregazioari lotutakoa, beste hainbat betebehar kanpoan utziz, tartean euskararen garrantzia.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko otsailaren 11

EAEko hurrengo hezkuntza legearen abiapuntu izan nahi duen hitzarmenak badu zirriborroa eta zirriborro horren balorazioa egin du Ikastolen Elkarteak. Ongi baloratu du ezartzen diren konpromiso eta betebeharrak bere gain hartzen dituzten ikastetxeak (sare publiko nahiz itunpekokoak) Administrazioak %100 finantzatzea.

Hala ere, “faltan bota dugu ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak ez agertzea, eta harrigarria egin zaigu baldintza bakar bat agertzea: ‘Segregazioa eta gizarte-bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jardutea’”. Segregazioari aurre egiteko proposamenarekin bat datorrela diote ikastolek, baina beste betebehar batzuk gehituko lizkieketela finantzazio publiko osoa jaso nahi duten ikastetxeei: ikastetxe batek izan behar du “euskal curriculumean oinarritutakoa; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; hezkidetza, laikotasuna eta inklusibitatean oinarritua; irabazi asmorik gabekoa, kudeaketa autonomo eta parte-hartze demokratikoarekin…”.

Zergatik ez euskara segregazioaren pare?

Euskaran azpimarra berezia egin dute: “Zergatik ez da ipintzen euskara segregazioaren parean?”. Ikasleen euskalduntzea bermatzeko ikastetxeei proposatzen zaien hizkuntza politika gaur egun dagoenarekiko zertan aldatzen den ez dela argi geratzen ere salatu du Ikastolen Elkarteak, “bereziki egun indarrean dagoen ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko duen ala ez. Murgiltze eredua ezarriko den ala ez ere argitu beharra dago. Beharrezkotzat deritzogu hezkuntza-sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzea”.

Zirriborroak elementu interesgarriak dituela diote ikastolek, hala nola Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrera. Eta kritikatu dute, besteak beste, aipamenik ez egitea ez euskal curriculumari ez Euskal Herriari ere.