argia.eus
INPRIMATU
Hitzarmena adostu dute eskola erlijiosoetan
  • Akordio batera iritsi dira Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Kristau Eskola sarea eta ELA, Steilas eta CCOO sindikatuak. Hori horrela, hilabete bat iraun behar zuen greba mugimendua bertan behera gelditu da ostiralean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2019ko azaroaren 11
Bi urtez iraun du hitzarmen berri batera iristeko mobilizazioak

Blokeaturik zeuden negoziazioak desblokeatu eta akordio batera iritsi dira Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Kristau Eskola sarea eta ELA, Steilas eta CCOO sindikatuak. Plazaraturiko eskakizun nagusiak onarturik, duela bi urte abiaturiko protestekin bukatzea erabaki dute sindikatuek. Hau da, hilabeteko greba mugimendua bukatu dute, abiatu eta bi egunetara.

Besteak beste horra hitzarmenak dakarzkien neurriak: Etorkizunean ikasgelak hesten diren eskoletako langile guztiek aukera izango dute erretiroa hartzen duten beste langile batzuen lanpostuak betetzeko; hitzarmenak iraungo duen lau urteetan banatuta, KPItik gora 4 puntuko soldata igoera izango dute sektoreko langileek; klase prestaketarako zein aurrez aurreko lanerako ez diren betebeharrentzat ordu osagarriak aitortuko dira; ezusteko ordezkapenak ere hirugarren egunetik bermatuko dira; Lanbide Heziketako irakasleen jardunaldia arautu dute eta erretiro aurreratua bermatzea ere onartu dute.

2017ko azaroan abiatu zuten hitzarmen berri baten aldeko mugimendua. Bi urtez 29 egunez greba egin ondoren, adostasunera iritsi dira. Gizarte Ekimeneko langileen “elkartasun eta eskuzabaltasun izugarria” eskertu ditu ELAk. Steilas sindikatuak ere berdin: Haien "etengabeko borrokari esker lortu dugu (…) Akordioa beraiei esker eta beraientzat da”. Kristau Eskola ere baikor eta pozik agertu da, "alde guztien borondatea eta esfortzua" eskertuz.