argia.eus
INPRIMATU
Hitzarmen Kolektiboan sar ditzaten, mobilizazioak deitu ditu EHUko Doktoregaien Asanbladak
  • Unibertsitateak beraien langile izaera behingoz onartu eta, ondorioz, Hitzarmen Kolektiboan sar ditzatela eskatzeko mobilizaziora deitu du UPV/EHUko Doktoregaien Asanbladak.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 07a

Ostegunean, hilak 10, Leioako Campuseko Liburutegi parean eta Donostiako ikasgelategian deitu dituzte mobilizazioak, goizeko 11:30etan. Lizentziatu eta graduatuentzat lan baldintza duinak eskatzen dituen era berean UPV/EHUko ikertzaileei hauek ukatzen dizkion Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen “zinismoa salatzea” xede.

Esku-artean dauzkaten tesiez gain, beste hainbat ikerketatan kolaboratu zein irakaskuntzan parte hartzen duten hirurehundik gora ikertzailek lan egiten dute UPV/EHUn, Unibertsitate bereko ikerlarien asanbladak emandako datuen arabera. Ikerlari hauek, aipatu lanak aurrera eramateaz gain, hamaika kongresu eta mintegitan Euskal Unibertsitate Publikoaren izena munduan zehar zabaltzen ere jarduten dutela azaldu dute. Alabaina, beste lan-kategoria batzuk dituztenen lanaldi eta ikerketa-lan berbera egin arren, hauekin konparazioan baldintza prekarioak dituztela salatzen dute, “ordainsarietan %44ko aldea izateraino”.

Iaz unibertsitatearen campus desberdinetan eta espainiar estatu osoan zehar mobilizatu zen kolektiboa, gerora lehengoratutako kontratu aldaketa baten aurka. Asanbladak anbiguetate juridikoak eta hutsune legalak daudela salatzen du, unibertsitateak euren lan-eskubideak ahultzeko baliatzen dituenak, bereziki soldatari eta kontratua amaitzeagatiko kalte-ordainari dagokionean.

Lan-sari eta lan-baldintzei dagokienez ondorio kaltegarri agerikoak dakartzan prestakuntza kontratu batekin zokoratu nahi dituztela salatzen du asanbladak. Hauen hitzetan, “errektorearentzat eskandalukoa da lizentziatuek eta graduatuek 1000€tik behera kobratzea, ez ordea UPV/EHUko ikertzaileek 909€ko soldata izatea”. Eta gehitzen dute atentzioa ematen diela Nekane Balluerkak, “hauteskunde-kanpainan esandakoaren arabera sentsibilitate eta kolektibo desberdinen integratzaile behar zuenak”, UPV/EHUko ikertzaileen duintasuna horrela laidotzen uzteak.

“Egiturazko” gisa jotzen duten egoera horren aurrean, UPV/EHU kontratua amaitzeagatiko kalte-ordainak ordaintzen berriro hastea ere eskatzen dute, dauzkaten kontratuek hala dioten arren, euren jarduna ez baita prestakuntzakoa. Gainera, beste unibertsitate batzuetan kalte-ordaina ordaintzen jarraitu dutela badakitela adierazi dute.

Errektoreari eta bere taldeari hartu dituzten erabakiek euren lan-eskubideak kaltetzen dituztela adierazi, eta eskubideok errespeta ditzaten eta egoerari konponbide bat eman diezaioten exijituko dute osteguneko mobilizazioetan.