Irakaspenak jaso eta elkartasuna adierazteko asmoz joan ziren hainbat euskal herritar udan Kurdistango Rojava eskualdera. Bertan ikasitakoak partekatu asmoz egingo dute hitzaldi bira urtarrilean eta otsailean, sei herritan.
"Benetako iraultza al da? Zein hausnarketetatik dator historikoki mugimendu kurdoak aldarrikatutako estatu propio baten gaur egungo ukapena? Zeintzuk dira XXI. mendearen baitan iraultza batek dituen elementu garrantzitsuenak? Zein formatan garatzen ari da emakumeen borroka?". Galdera horiei erantzun asmoz joan zen 2018ko udan Euskal Herriko brigadista talde bat Kurdistango Rojava eskualdera, eta, orain, han jasotako irakaspenak zabaldu eta hausnartzeko hitzaldi bira bat antolatu dute. Urtarrilaren 18tik otsailaren 9ra Arrigorriaga, Hazparne, Gasteiz, Intxaurrondo, Iruñea eta Azpeitian izango dira.
Gai asko konpartitzeko aukera eskainiko dute hitzaldietan: Rojavako Iraultza, Ekialde Hurbileko geopolitika, egitura politiko ezberdinak, antolakuntza moduak, militantzia ereduak, kontraesanak... "Guk bizitako esperientzatik sortutako analisi zein hausnarketa batzuk garatu ditugu, besterik gabe". Horrez gain, gai konkretu batzuei buruzko idatzizko kronikak ere osatuko dituzte.
Elkartasun internazionalistaz
Ikaspenak bakarrik ez, bultzada ere eman nahi izan diote Kurdistango herriari, horrela ulertzen baitute brigadistek internazionalismoa: "Irmoki uste dugu beste herrien borrokak babestea eta bultzatzea iraultzaile guztion ardura dela, nahiz eta kritikak edota desadostasun konkretuak izan. Internazionalismoaren praktikatik, Euskal Herriko militante gisa gure babesa adieraztera joan ginen haraino eta gure herrian hango esperientzia azaltzeari ekingo diogu datorren hilabeteetan".