Irailaren 30ean Seguran jokatu zen Txapelketa Nagusiko kanporaketaren kronika. Sailkapen taulak hau esan zuen: Jon Martin (673,5 puntu), Nerea Elustondo (665,5), Beñat Iguaran (665,5), Ander Fuentes "Itturri" (629,5), Unai Gaztelumendi (620) eta Felix Zubia (594).
- Osea, normala irudiko zaik. Hik daukak kopeta.
Ulertzen nuen Ines sumintzea. Zer gutxiago, bi urtez kasu zipitzik egin ez eta saioan faborez nire ondoan esertzeko eskatuz deitu nion eta. Bi metroko belarriekin amaitu nuen Gipuzkoako Txapelketa, lagunaren oratoria pairatu beharraz. Denbora luzez egon nintzen insomnioak jota, ordu txikietan ohean zilipurdika, Inesen sermoi orojakileak buruan nituela, eta kontua amaitu zen nahiko larri: Orfidalak, begizuloak eta pijama sindromea. Hondoa jota, pare bat erabaki hartu nituen. Bat: “Ines nire bizitzatik atera behar diat, kosta ala kosta”. Bi: “bertso kronikak Rita Oilaskojaleak egingo ditik hemendik aurrera”.
- Orduan zergatik itzuli haiz?
- Tira, badakin, ARGIAkoek nahiko ondo ordaintzen diten…
Kontua da negoziazio prozesu luze eta estu baten ondoren, harrigarriki, lortu nuela Ines konbentzitzea –lezioak emateko duen berezko behar horrek gain hartu zion sumindurari, itxuraz–, eta elkarrekin joan ginela Segurara. Baleko saioa joan zen –puntu erantzunak salbu–: Unai Gaztelumendi lotu antzera, baina ideiaz bizi eta asmotsu; Nerea Elustondo bertsoak oso ondo josiz, ofizio guztietan primeran; Felix Zubiak ez zuen eguna eduki; Ander Fuentes 'Iturri' gorabeheratsu, baina ale onak utziz; Jon Martin oso aise kartzelakora arte; eta Beñat Iguaran borobil ofizio guztietan, eta kartzelakoan goia joz.
Baina Inesek bazuen zeresana, eta saioaren ostean, adiskidetu asmoz atera nion zerbezari dzanga luzea botata, bi ezten jaurti zituen:
Hori esatearekin bat samurki begiratu zidan, eta supituan ohartu nintzen Inesen suminak asko zuela teatrotik, berak ere ez nauela bi urtean askorik faltetsi, baina txapelketa hasten denean, orduan bakarrik, nik bera behar dudan adina behar nauela berak ni.