argia.eus
INPRIMATU
Historialariak sukaldean

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko abenduaren 20a
Sukaldaritza eszena bat XIV. mendeko "Tacuina sanitatis" liburuan. (Argazkia: Wikimedia Commons)

Aste honetako gaia erabakitzeko arazoak izan ditut. Genozidioez, Palestinaz eta gaizkiaren hutsaltasunaz idatz nezakeen. Baina LARRUNeko ale berezian dagoeneko esandakoen gain ezin nezakeen deus hoberik gaineratu. Nafarroa Garaian karlismoaren inguruan sortu den eztabaida historiografikoaz ere idatz nezakeen, baina Hedoi Etxarte aurreratu zitzaidan Berria-n. Sarraskien aurrean ez genuke sorgorturik geratu beharko, baina ez dut gibelik horrelako gai gordinez idazteko. Erabaki dut oraingoz gai xaloagoak eta inuzenteagoak jorratzea: kasu honetan, iturriak eta metodologia historiko-zientifikoa.

Historialarientzako iturriak ezinbestekoak dira, iraganera hurbiltzen gaituztelako. Mota askotakoak izan daitezke. Ohikoenak eta erabilienak idatzizkoak dira; hala nola, dokumentu publiko zein pribatuak (politikoak, ekonomikoak, juridikoa, gutunak, erroldak…), hemerotekako argitalpenak (egunkariak, aldizkariak), memoriak eta egunkari pertsonalak, iturri literarioak eta abar luze bat. Iturri ikonografikoen eta ikus-entzunezkoen artean arte plastikoak (pintura, eskultura, kartelak, propaganda, …), musika, zinema, mota askotako bideoak, kartografia zein argazkiak sailkatzen dira. Arkeologia, aldiz, iturri materialez arduratzen da; erakinak, objektuak edota paisaia beren testuinguruan aztertzen ditu, konparaziora. Elkarrizketen bidez jasotzen diren ahozko iturriak ere garrantzitsuak dira.

Bada, iturri historiko horiek guztiak gure osagaiak dira. Baina jakina, iturriok ezin ditugu gordinean erabili. Informazio hori ezin dugu huts-hutsean sinetsi, hortxe dator historialariaren sukaldaritza-gaitasuna. Aurrena gure ikergaia zein den zehaztu eta mugatu behar dugu eta horren inguruko galderak eta hipotesiak planteatu. Jarraian, galdera edo hipotesi horiei erantzuteko iturri egokienak bilatu eta aukeratu behar ditugu (aukeratzerik badago, bestela dagoenarekin konformatu behar). Ondoren, eta hauxe da gakoa, iturrien sinesgarritasuna kritikoki aztertu behar dugu. Iturriak originalak eta garai hartakoak direla ziurtatu dezakegu? Zein da igorlea? Zein da hartzailea? Zergatik sortu da iturri hori? Ez baita ahaztu behar iturriak ez direla neutroak eta objektiboak, haien atzean interes politiko eta sozialak egon daitezke, haren testuinguru sozial eta kulturalaren arabera. Iturrietatik datuak ateratakoan, informazio hori guztia kontrastatu beharra dago, hau da, beste iturri batzuek esaten dutenarekin bateragarria edo kontraesankorra den erkatu behar da. Bukatzeko, prestatutakoa platereratu eta zerbitzatu behar da. Hau da, lortutako datuen arabera idatzi behar da, historiak azken finean forma narratiboa hartzen baitu. Testuan gure ideiak eta argudioak islatu behar dira eta lortutako informazioaren arabera, hasierako galderei erantzuna eman eta gertaera historikoen inguruko interpretazio bat mahai-gaineratu.

Hitz gutxitan esanda: iturriak aukeratu, haien edukia eta testuingurua zorrozki epaitu, lortutako datuak kontrastatu eta, azkenik, argitaratu. Horretan datza metodo historiko-zientifikoa; hori da gure errezeta.