Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren arteko trantsizioan egon daiteke orain institutua.
Gemma Piérola (Barañain, 1974) da gaur egun Geronimo Uztariz Institutuko (GUI) lehendakaria. Urte luzez Bigarren Hezkuntzan aritu izan da Historia irakasten eta gaur egun NUPen ari da irakasle. Larunbat honetan, hilak 23, Iruñeko Condestablen jardunaldiak egingo dituzte 40. urteurrena ospatzeko. 10:00etan Emilio Majuelok hitzaldia emango du “GUIren abentura historiografikoari” buruz eta 12:00etan institutuan lehendakari izandakoen mahai-ingurua egingo da.
Geronimo Uztariz Institutua, Historia Ekonomiko eta Soziala. Zergatik bi abizen horiek?
Institutua sortu zenean, 1984an, beste toki batzuetako korronte historiografiko berritzaileenak, Frantziakoak adibidez, Historia kuantitatiboa edo Historia ekonomikoa ziren. Garapen ekonomikoaren eta historia sozialaren zioetan arakatzen zen, eta horiek biztanlerian zuten eragina aztertzen zen. Orduan hasi zen hitz egiten Historia Ekonomikoa eta Sozialari buruz, eta 1980ko hamarkadan, hori oraindik egin gabe zegoen Nafarroan. Azken finean, pertsonak ziren eta dira prozesu sozial horien protagonistak, eta bi abizen horiek institutuaren konpromiso historiografikoaren erakusle dira.
GUIren helburu handietako bat zen Nafarroa garaikidearen oinarri historikoak finkatzea. Zein neurrian bete da hori?
Ez da guztiz horrela. Hasierako asmoei buruz, zera zioen institutuaren sortzailetakoa den Emilio Majuelok Geronimo Uztariz Aldizkariko 9. zenbakian: “Nafarroako historia garaikidea hobeto ezagutu behar dugu eta dauden hutsune historiografiko –ez historiko– zabalak osatzeko elkarlana areagotu”. Ordura arteko Historia ez zen beti zehatza, batzuetan desitxuratua zen, edo ikerketak behar duen zorroztasun enpirikoari dagokionez iturri gutxikoa. Sasoi hartan gai artistikoak, etnografikoak, Antzinaroa eta Erdi Aroa jorratzen ziren nagusiki, eta historia garaikidearen lanketa eza deigarria zen.
Egoera horren aurrean, historialari gazte talde batek Geronimo Uztariz Institutua sortu zuen. Bestelako historiografiaren beharra zuten, une hartan herrialdeak bizi zuen egoerarekin konprometitua eta errealitate horri erantzungo ziona. Horrela hasi ziren gauzatzen taldean egindako ikerketak, ikuspegi kritikoz eta zorroztasun enpirikoz egindako lanak; Nafarroaren Historiaren interpretazio berriak agertu ziren, baina ordura arte egindakoen osagarri ere baziren.
Jarriko zenituzke lan horien adibide batzuk.
Jardunaldi eta kongresu ugari antolatu dira lau hamarka hauetan. Nafarroaren Historia Garaikidean guztiz ezezagunak ziren lanak argitara dituzte taldekideek. Adibide batzuk: II. Errepublikako Nafarroa, urte horietako erlijio kontuak, gerra zibila, orduko biolentzia eta errepresioa, ondorengo diktadura frankista, XIX. mendeko gatazka sozialak Nafarroan, errepublikanoen biografiak, Nafarroako mendien pribatizatzeari buruzko lanak, ondasun komunalak, jabego harremanak XIX. mende amaieratik 1936ra arte, landa eremuko Nafarroaren bizi maila... eta ordura arteko Nafarroan lantzen ez ziren beste gai pila bat.
Eta adi, asko egin da, baina oraindik asko dago egiteko, are gehiago negazionismoa bizi-bizi dagoenean, edo konformismoa, edo historiografikoki ez konprometitzea. Jarrera horiek ez dira lagungarriak.
Zein ekarpen egin behar dio Historiak 2024ko Nafarroari?
Nire ustez, Historiak gutxienez bi funtzio ditu. Bata teorikoa, zer gertatu zen erakusten duena. Bestea soziala, gizakiak bere iragan kolektiboarekiko duen kontzientzia kritikoaren beharra sostengatzeko; bizi garen munduaren arazoei begiratzeko eta haiek sentitzeko konpromisoa da. Historialariaren lana ez da gehiengoak onartuko duen tradizioa eraikitzea, baizik eta gertaerak ezagutzea, eta haien zioak eta ondorioak aztertzea.
Ikerketan asko aurreratu da eta agian dibulgazioan ez horrenbeste. Landu beharreko ikasgaia da oraindik dibulgazioarena?
Guretzat dibulgazioa oso garrantzitsua da, horretan gaude buru-belarri. Hor ari gara Bigarren Hezkuntzako irakasleekin, udalekin eta beste hainbat elkarterekin. Publiko guztietara zabaldu behar da Historia, baina beti ez da erraza. Memoriadun Historiari buruzko kongresua izan berri dugu Nafarroan eta han, Bigarren Hezkuntzako lankideek argi azpimarratu zuten gizartea aldatu egiten dela, haren lengoaia ere bai, baita arreta denbora ere, eta beraz, Historia kontatzeko beste modu batzuk behar ditugula. Historia zorrotz lantzea eta Historia podcast on bat ez daude kontrajarriak; horren erakusle da Euskalerria Irratian Historian graduatutako ikertzaile talde gazte batek egindako podcastek duten harrera ona.
Inpresioa dut hezkuntzan oraindik garrantzitsuagoa dela urruneko historia, duela hamarkada batzuetan gertatutakoa baino; Frankismotik gaur egunera arte gertatutakoa gutxiago ukitzen dela, alegia. Ez dakit guztiz horrela den.
Bai, horrela da. Horren aurrean zer egin behar da? Uste dut gugandik gertu dugun historia hori ezagutu behar dugula, ez diogu beldurrik izan behar, ezta tabu historiko moduan ikusi behar. Batzuek diote ez dela denbora nahikorik pasatu garai horri behar adinako perspektibarekin begiratzeko, baina ez dut uste horrela denik. Hori aitzakia moduan erabiltzen da. Agian izango dira guztiz itxi gabe dauden prozesuak, baina hala ere, ez dago arazorik edo aurreiritzirik gertuko edo egungo historia aztertzeko.
Ikerketa GUIren helburu garrantzitsua da, eta ikertzeko artxibategietara joan behar da, baina beti ez da posible, oraindik gai asko guztiz itxita daude. Gizartean eskatzen da behar beste artxibategiak irekitzea ikertu ahal izan dadin?
Gizartean... hori ez da erraza erantzuten, baina guk eskatzen dugu, bai, ez izan zalantzarik. Horren erakusgarri da, adibidez, iragan urtean diktadura garaiko Nafarroako 40.000 presoren espedienteak Nafarroako Errege Artxibo Nagusira eraman zirela, eta aurrerantzean aztergai izango direla nahi duenarentzat. Aspaldiko eskaera zen, eta beti ezezkoa jaso izan da. Horrek lagunduko du hobeto ezagutzen frankismoan errepresioa nolakoa izan zen.
Berandu, baina pixkanaka ari dira irekitzen hainbat artxibategi eta, hala ere, deigarria da Nafarroan hainbat iturritara heltzea zein zaila den. Beste leku batzuetan ez dago arazorik hainbat tokitan arakatzeko, baina hemen bai. Legediak ez du laguntzen horretan.
Zein erronka ditu GUIk gaur egun? Eta Nafarroako historiografiak?
Lehentxeago aipatu dut Emilio Majueloren artikulu bat, eta berak zera zioen han: “Institutuaren etorkizuna lotuta dago lan kolektiboari, hausnarketari eta eztabaidari, eta baita bizi dugun errealitatearekiko izpiritu kritiko eta konprometituari”. Eta horrez gain, egokitu beharko dugu analisi historikoa behar duten esparru berrietara, eta horiek irakurri eta entzuten dituen publikora.
Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean, ezin du errealitatearekiko konpromisoa alboratu, horrek esan nahi duen guztiarekin.