Ezpatak, labanak, kaskoak, fusilak, pistolak, kanoiak, munizioak, lehergailuak, uniformeak, armadurak, ezkutuak, babesak, zaldunak, hegazkinak eta tankeak. Han eta hemen, bada jende klase bat historia militarrarekin liluratuta dagoena. Gehien-gehienak, historia-zaleak izaten dira eta ez historialariak; baten bat badagoen arren. Bistan denez, gatazka belikoei lotutako edukiak oso emankorrak dira. Aldizkariak, bideo-jokoak, dokumentalak eta halako mila produktu ekoizten da urtero, dirudienez publiko orokorrak interes handia du eta.
Susmoa dut, ordea, horiek denek ez ote duten gerraren inguruko miresmen epiko bat sustatzen, eta azken finean, militarismoaren aldeko diskurtsoa zabaltzen laguntzen. Halaber, gatazka belikoen inguruko eduki horiek historia nazionala egiteko baliatu izan dira, hots, estatu-nazioen arrazoia justifikatzeko eta nazionalismoa pizteko. Gogora etortzen zaizkit, esate baterako, 1813ko Gasteizko Batailaren urteurrenaren harira egin izan diren antzezpenak.
Zorionez, historia militar guzia ez da halakoa. Bada bestelako historia bat, gerraren ifrentzua erakusten diguna. Hau da, gerraren historia sozial eta kritiko bat. Izan ere, frontean gertatzen dena baino askoz ere gehiago da gerra. Epikotasunetik urrunduz, halako ikerketek azalerazten dituzte, esate baterako, hiritar eta zibilek sufritzen dituzten nahigabeak, sexu-indarkeria edo etsaia deshumanizatzeko eta brutalizatzeko baliatzen diren diskurtsoak. Gerraren historia sozialak, gainera, fronteari ez ezik atzeguardiari ere begiratzen dio; azalerazteko gerra nola eta nork finantzatzen duen, gerraren atzean dauden interesak, horniketa nola egiten den edo diziplina mantentzeko beharrezkoa den militarizazioa eta autoritarismoa nola ezartzen zaizkien hiritar arruntei.
Halakoxea da Josu Santamarinak berriki gerra zibilari buruz argitaratu duen Euzkadi en ruinas (Euzkadi brrindua) liburua. Liburu horrek azaltzen ditu, besteak beste, armak, munizioak, fronteak, lubakiak, bunkerrak, oroigarriak eta abar. Baina baita ere, hitz egiten du atzeguardiaz, bizitza publikoaren militarizazioaz, horniketaz, biktimez eta horrek guztiak utzitako aztarna materialez. Bai bai, ongi irakurri duzue: aztarna materialak. Azken finean, arkeologia liburu bat baita eta gerrak utzitako zauri materialez mintzo da.
Badirudi, Ukrainan eta Gazan tiro hotsak behin-behinean isilduko direla. Baina, munduko potentzia guziak defentsa aurrekontuak handitzen ari dira. Halaber, propaganda makina martxan jarri dute, hiritarrak gerra hurbil baten balizko mehatxuaz beldurtzeko. Inoiz baino gehiago, gerrari buruzko ikuspegi kritikoa behar dugu; gerraren kolorea ez baita armen distirarena; lohiarena, odolarena eta gonbitoarena baizik.