Hainbat ekitaldi antolatu dute abuztuaren 15ean Orreagako guduaren omenez. Iruñea suntsitu ondoren, baskoiek Karlomagnoren tropei egindako erasoa gogoratuko dute ekimenetan.
Euskal Herriko historiaren pasarte garrantzitsu hori ezagutaraztea eta egungo Nafarroako testuinguru soziopolitikora ekartzea dira antolatzaileen helburu nagusiak. 778. urteko Orreagako bataila herritarren gehiengoarentzat ezezaguna dela adierazi dute bultzatzaileek, eta eskoletako kurrikulumean ia tokirik ez duela. Gaia lantzeko hitzaldi zikloa antolatu dute Aezkoako bailarako gazteek.
Aurten, Orreagan eta Ibañeta mendian ezezik, Iruñean ere hartuko dute tokia ospakizunek. Abuztuaren 8an Zaldi Zurian ekitaldia eginen dute Karlomagnoren armadak hirian egindako sarraskia oroitarazteko.
Ekitaldi nagusia, abuztuaren 15ean izanen da. Orreagan 778ko batailan eroritako baskoiak omenduko dituzte, eta Ibañetan historiako hiru pasarte antzeztu: 778ko bataila, Karlomagnok 812an bailaran egindako emakume eta haurren bahiketak, eta 824an Iñigo Arista baskoien nagusiaren izendapena.
Urtetik urtera indarra hartzen ari den proiektua da Orreagakoa. Zonaldeko eragile ugarik hartzen dute parte ekimenaren antolaketan, hala nola, Aurizko Gazteriak, Auzperriko Gaztetxeak, Habarrots kolektiboak, Irati Irratiak, Pirinioetako AEKk edota Nabarraldek.