argia.eus
INPRIMATU
Hiruk eta Tradisnak greba utzi dute, Bilboko portuko garraiolariek jarraitzen dute
  • Hiru eta Tradisnako langileen asanbladek hartu zuten erabakia asteazken arratsaldean, tarte estuarekin eta egoera ez dela konpondu onartuta. Bilboko portuko garraiolarien gehiengoak ez du onartu portuko enpresek eginiko eskaintza.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 31
Argazkia: Hiru.eus

Tradisnak zein Hiruk langileen asanbladak egin dituzte asteazken arratsaldean. Hiruko kideak Lasarte Orian (Gipuzkoa) bildu dira greban jarraitu edo ez erabakitzeko. Lanera bueltatzearen alde egin dute 50 garraiolarik, aurka 31k, eta 8 abstenitu egin dira. Tradisnak Imarkoainen (Nafarroa) egin du asanblada. 110 garraiolarik egin dute greba uztearen alde, eta 94k mantentzearen alde.

Konponketarik ez

Greba utzi izanagatik, egoera ez dela konpondu onartu dute bi sindikatuetako ordezkariek. Hiruk adierazi du asanbladan lanera bueltatzeko erabakia hartuta ere sindikatuko kide batzuk ez direla lanera bueltatuko, “ez dielako merezi”. Sindikatuak baikorki baloratu du “iritzi publikoan problematikak izan duen ikusgarritasuna, egindako mobilizazio masiboak, garraiolarien erreklamazioetan egindako aurrerapenak, ateak irekita eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitz egiteko duten prestasuna; era berean, atzo iragarritako neurri eta hobari fiskalak ere positibotzat jo dira, hasiera batean garraiolari autonomoentzat onuragarriak zirenak, horiek berretsi eta zehaztu zain”. Aldi berean, ez du baztertu mobilizazio berriak deitzea, “garraiolari autonomoek baldintza duinetan lan egiten jarrai dezaten eta euskal garraio-sarea defendatzeko”.

Tradisnako koordinatzaile Alberto Latorrek Radio Euskadiko Ganbara saioan adierazi du sindikatuko langileen gehiengo estu batek greba uztea erabaki badu ere, gehiengoak uste duela sektorearen aldarrikapenak ez direla bete: “Iritzi orokorra hori da”. Lanera bueltatzeko erabakia nagusiki greba “indarra galtzen” ari zelako eta “jendea etsitzen” ari zelako hartu dela azaldu du.

Bilboko portuan grebak jarraitzen dute

Bilboko portuko 700 garraiolarietako gehienek grebari eusten diote. Portuko garraio enpresekin negoziatzen jarraitzen dute. Enpresek zenbait hobekuntza eskaini dizkiete, hala nola, gasolioari lotutako %12ko igoera bat, hilabetez hilabete berrikusiko litzatekeena, eta zerbitzuaren ordainketa urteko KPIaren arabera igotzea hurrengo urteetan. Garraiolari autonomoen iritziz ez da nahikoa. Azpimarratu dute azken 15 urteetako baldintzen okertzea zuzentzeko hobekuntza handiagoak ezinbestekoak direla.