argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Hirugarrenez mende honetan, zer egingo dugu mundu mailako krisi honen aurrean?

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko martxoaren 03a
Macron eta Vonder Leyen, Europar Batasuneko multinazionaletako buruekin bildu ziren otsailaren 28an Parisen

Ez naiz ni aditua, ezta aritua ere geopolitika kontuetan. Ez dakit oraingoan zer irabaziko duen AEBek, zer Errusiak, edota non geratuko den Europar Batasuna boterearen nazioarteko banaketan Ukrainiako gerran emandako jauzia eta gero. Baina huts egiteko beldur gutxirekin esango dut potentzia inperialisten arteko nork-zer kontrolatu guda amaigabean, erabakietan eta bere ondorioetan inolako kontrolik ez dugunok galtzen dugula beti, ez dugulako nola irabazi.

Macronek Parisen batu zituen Europako enpresa multinazional nagusietako buruak. Botere ekonomikoaren eta politikoaren arteko bilera, oihartzun eskasekoa, baina segur aski mugarria EBren erabakietan. Ondoren etorri dira armak, gastu militarra, zigor ekonomikoak… eta ondorio ekonomikoetarako prestatzeko agintarien diskurtso solemneak. COVIDaren krisiak utzitako kalteak zuzentzeko benetako planik ez, eta krisi sistemikoa motzean areagotuko duten erabaki berriak.

Macronek eta Sánchezek ondorio ekonomikoak iragarri dituzte eta dei egin dute guztiok bat egin dezagun, 2008an bezalaxe, halako krisiaren aurrean klase interes kontrajarriak daudenik ukatuz

Macronek eta Sánchezek ondorio ekonomikoak iragarri dituzte eta dei egin dute guztiok bat egin dezagun, 2008an bezalaxe, halako krisiaren aurrean klase interes kontrajarriak daudenik ukatuz.  Madriletik “plan nazionala” egiteko deia, Parisetik Europa osoak honetan bat egiten duela.

Mundu osoan ondorioak izango dituen hirugarren krisia 2008az geroztik, eta begira gaituzte berriro, begirale nahi gaituzte. Gure esku dago horrela denik onartzea. Aukera berri bat dugu nazio gisa eztabaidatuz gure ekonomiaren, bizitzen eta etorkizunaren kontrola pixkanaka eskuratzeko balio behar duen nazio plana egiteko bideari ekiteko. Kalte ekonomikoak saihesterik ez dugu, borrokatzea posiblea da ordea, langileok ordaindu ez ditzagun.