argia.eus
INPRIMATU
Hirugarrenean ere LABi arrazoia eman dio epaitegiak
  • CGT sindikatuak LABen aurka aurkezturiko helegitea bertan behera geratu da abenduaren 12an, Parisko Kasazio Auzitegiak ezeztatuta. Erabaki bera hartu du epaitegiak Korsikako STC sindikatuaren aurka jarrita zegoen helegitearekin.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 13a
Epaitegiaren erabakiaren balorazioa egin du LABek prentsaurrekoan. (Arg.:LAB)

LABek CGTk bere aurka hasitako prozedura irabazi du berriz ere. CGTk enpresa oso txikietarako hauteskundeetan LAB egotea oztopatu nahi zuen eta horretarako Kasazio Gortera jo zuen urrian. CGTren ustez, LABek elebitasuna bultzatu, langile ez-euskaldunak “diskriminatu” eta autodeterminazioa aldarrikatzen ditu, “helburu politikoak” izanik. Epaitegiak, beste behin, sindikatu abertzaleari eman dio arrazoia, inongo diskriminaziorik ezin frogatu izana eta “balio errepublikanoak” betetzen dituela azalduta.

Udan ekin zion CGTk LABen aurkako lehen prozesuari. Galdu ostean, bigarren bat hasi zuen urrian, baina Bordeleko epaitegiak LABen alde egin zuen. Erabakiaren aurrean, CGTk Parisko Kasazio Auzitegira jo zuen. LABen aurkako prozesuan jarraitu nahiko balu, CGTk ez luke Europara jotzea beste aukerarik.

LAB pozik agertu da epaitegiaren erabakiarekin eta azaldu du CGTk galdu izana onartu behar duela: “LAB bakean utzi behar duela behin betiko barneratu duela espero dugu”. Sindikatu abertzaleak prozesu judizialetan 15.000 euroko gastua egin behar izan duela azaldu du, diru horrekin langileei zuzenduriko ekintzak egin beharrean. Bestalde, epaiketak iraun bitartean, CGTk hauteskunde sindikaletarako kanpainarako Estatutik 300.000 euro jaso izana salatu dute.

Antzeko prozesua izan da STC sindikatu korsikarrarena, kasu horretan ere epaitegiak CGTren nahien aurka egin du. Bi prozedura hauek irekiak zirenez, Lan Ministerioak enpresa oso txikietako hauteskunde sindikalak atzeratzearen alde egin zuen. Abenduaren 30ean beharrean, urtarrilaren 12an izango dira.