Donostiako EH Bilduk salatu duenez beste zulo bat agertu da metroaren obretan, oraingoan Kontxako hondartzako kabinetan. Herritarren eta langileen segurtasuna arriskuan jartzen dutelako eta dagoeneko atzerapen eta gainkostu handiak pilatzen ari delako "zentzugabekeria" gelditzeko eskatu du EH Bilduren udal taldeak.
Donostiako EH Bilduk adierazi duenez, zinegotziak Zubieta kale ingurura agertu dira bizilagunen abisua jaso ostean. Bertan, hainbat kale eta kabina itxita topatu dituzte, eta langileei galdetuta baieztatu diete obren zuzendaritza eta Donostiako Udala jakinaren gainean daudela.
Antza denez, goizean hasi dira agertu den zuloa konpontzeko lanetan, eta arratsaldean oraindik horretan ari ziren. Donostiako EH Bilduk metroko lanen inguruko informazio falta salatu du, eta Udal Gobernuak obretan gertatutakoaren berri oraindik eman ez izana larritzat jo du.
Azken zulo honek lanen zati horretan dauden zailtasunak agerian uzten dituela azpimarratu du udal taldeak, eta lehen zuloa agertu ostean abiatutako euste-lanek emaitzarik eman ez dutela. Gainera, duela aste gutxi esleitutako bigarren lizitazioaren eraikuntza-proiektuak eremu horrek baldintza geotekniko ezegokiak dituela dio, eta zulo berriak agertzea posible dela.
Hori guztia dela-eta, eta atzerapenak, gainkostuak, eta oroz gain, Donostiako herritarren eta langileen segurtasuna "arrisku larrian" jartzen ari delako "zentzugabekeria" gelditzeko eskatu du EH Bilduren udal taldeak.
⚠️⚠️⚠️⚠️Adi! Zulo berri bat metroaren obretan, oraingoan Kontxako kabinetan.
⚠️⚠️⚠️⚠️Atención, nuevo socavón en las obras del #metro, esta vez dentro de las cabinas de la Kontxa pic.twitter.com/YAcwjjy0ZB
— EHBildu Donostia (@HiriBizia) May 7, 2021
Aurrekariak
Joan den urteko ekainean inguru bereko bi eraikin hutsarazi behar izan zituzten, obretan gertatutako luizi baten ondorioz. Ordukoan zulo bat ireki zen obra egiten ari ziren lekuan eta tunelean ura, hondarra eta eskonbroa sartu zen, bertako langileek ARGIAri adierazi ziotenez. Gainera, egonkortasun falta handia zela ere azpimarratu zuten.
2020ko azaroan, halaber, zulo ikusgarri bat agertu zen Zubieta kalean bertan. Beste hainbat alditan ere salatu dituzte metroaren lanen ondoriozko kalteak bizilagunek, eta bertan lanean aritu diren langileek ere segurtasun falta salatu izan dute.