argia.eus
INPRIMATU
Hirugarren gradua eman diete hiru euskal preso politikori
  • Txus Martin, Sebas Etxaniz eta Oier Urrutiak Euskal Herrian beteko dute espetxe zigorra, baldintzapean. Haietako biren osasun egoera larria da.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 08a

Hiru euskal preso politikok hirugarren graduko espetxe zigorra Euskal Herrian betetzea baimendu du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Txus Martin, Sebas Etxaniz eta Oier Urrutia dira preso horiek.

Txus Martin basauriarra osasun egoera larrian da, iaz bihotzeko ebakuntza egin baitzioten eta arazo psikikoak ere baditu. Hemendik aurrera Basauriko presondegian beteko du zigorra, kalera irteteko aukerarekin.

Sebas Etxaniz elgoibartarra, berriz, EPPK-ko preso zaharrena da. 76 urte ditu eta azken bi hamarkadak espetxean igaro ditu; bigarren gradua zuen arren, maiz ukatu egiten zizkioten irteteko baimenak. Oraingoan Asturiaseko Villabonatik Martutenera lekualdatu dute.

Azkenik, Oier Urrutia gasteiztarra Logroñotik Zaballara ekarri dute. Hamaika urte daramatza espetxean, zigorraren zati handi bat beteta. Iaz bere lagun batek auto istripua izan zuen bisitan zihoakiola.

Neurriok ez dira euren kabuz heldu ordea, izan ere, Espetxe Zuzendaritzak zenbait baldintza betetzera derrigortu ditu, hala nola, “bortizkeria ukatzea”, “eragindako kalteengatik damutzea”, “espetxe legedia ontzat ematea” eta “erantzukizun zibilak euren gain hartzea”. Horiek gabe presoek ez lukete gradu progresiorik eskuratzeko aukerarik.