argia.eus
INPRIMATU
Hirugarren generoa modu ofizialean onartzeko pausoak eman dituzte Norvegian
  • Dokumentu ofizialetan hirugarren generoa sartzeko proposamena egin du Norvegiako Alderdi Laboristak, Pikara Magazinek jaso duenez. Legebiltzarrean ez dute onartu, baina proposamenak erakusten du identitate ez binarioak onartzeko bidean pausoak ematen ari direla, gizartean zein instituzioetan.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 11
Manifestazio bat Bergenen (Norvegia), Emakumeen Nazioarteko Egunean (Arg.: Pikara Magazine)

“Duela bost urte inork ez luke pentsatuko gaur egun pertsona transek onarpen legala izango luketenik, horregatik uste dugu gizarteak eta klase politikoak hirugarren kategoria onartuko dutela, lehenago edo beranduago”, adierazi dute Forbundet for Transpersoner i Norge (FTPN) transgenero elkarteko kideek. LGTB kolektiboan ez dute ezustekorik hartu proposamenaren ezezkoarengatik, Norvegiako Gobernua Alderdi Sozialdemokratak eta Alderdi Progresista ultraeskuindarrak osatzen dutelako. Aurrerapauso garrantzitsua izan dela esan eta lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Hirugarren aukeraren bitartez pertsona guztiei egokitutako kategoria legalak existitzea eta bakoitzak berea aukeratu ahal izatea dira Alderdi Laboralistaren LGTB sailaren helburu nagusiak. Kategoriaz gain, familiari eta gurasotasunari lotutako arazo juridikoak konpontzea premiazkotzat jotzen dute, eta osasun sisteman ere aldaketak nahi dituzte: medikuek hormona tratamenduak eta gobernuak laguntza ekonomikoak ematea, besteak beste.

Gizartearekin lanketa berezia egitearen garrantzia azpimarratu dute. “Hirugarren kategoriak arazoak ekar ditzake gizartean, horregatik oso garrantzitsua da hezkuntza: informazioa zabaltzea, hirugarren generoa benetan zer den azaltzea”, adierazi dute FTPNko kideek.

Hirugarren generoa izendatzeko hainbat proposamen egin dituzte. Zabalduena hen da, Norvegian emakumezkoen eta gizonezkoen pertsona-izenordainak hun eta han direlako. Aldaketa egin nahi duten pertsonen kopuruari dagokionez, oraindik ez dago zifra ofizialik. 500 pertsona baino gehiagok aldatu dute genero legala Norvegian, eta FTNPk uste du antzeko zenbakia izan daitekeela.