Fernando Simón Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren zuzendariak txertoen mundu mailako birbanaketa bidezkoagoaren alde egin du. Hirugarren dosia pertsona guztiei jartzeko beharraren ebidentzia zientifikorik ez dagoela adierazi du.
Medicusmundi eta Munduko Medikuak erakundeek La salud en la cooperación al desarrollo y la acción humanitaria 2021 (Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan 2021) informeko ondorioak plazaratu dituzte asteartean. Agerraldian izan da Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren zuzendari Fernándo Simón, eta COVID-19aren aurkako txertoaz mintzatu da. Simónen arabera, ez dago ebidentzia zientifikorik frogatzen duenik txertoaren hirugarren dosia pertsona guztiek beharrezkoa dutela.
Txertaketa ia adin-tarte guztietara zabaltzen ari diren unean egin ditu adierazpen horien Simónek. Izan ere, birusaren Omicron aldaerak agerpena egin ondotik Sendagaien Europako Agentziak hirugarren dosiak jartzen hasteko gomendioa egin zuen, eta ondorioz populazioaren gehiengoa txertatzea aurreikusten da. Espainiako Osasun saileko idazkari ohi Fernándo Lamatak El Saltori egindako adierazpenen arabera, bilakaera hori aurreikusi zitekeen: "Esperientziak erakusten digu agentziek indikazio mugatu batzuetarako baimena ematen dutenean ate bat irekitzen dela, eta bertatik sartzen direla gero beste talde batzuentzako orokortasunak, biztanleria osoarentzat izaten amaituz. Izan ere, ongi aztertutako marketing presioarekin, iritzi publikoa hasi daiteke gobernuei hirugarren dosia eskatzen".
Simónek ekoitzitako txertoen mundu mailako birbanaketa bidezkoagoaren alde egin du. Bere iritziz, zenbait herrialdetan hirugarren dosia jende orori jarri ordez, dauden txertoen banaketa hobetu beharko litzateke. "Ditugun txertoak ez dira asko munduko 7.800 milioi biztanleentzat. Egiten dugun banaketa egiten dugula, inoiz ez da bidezkoa izango", adierazi du.
Desoreka horren adierazle dira hainbat datu. Medicusmundi eta Munduko Medikuak-ek egindako informearen arabera, herrialde aberatsenetan 241 milioi txerto zaborretara botako dira urtea bukatu orduko erabiltzen ez badira. Oxford-eko Unibertsitateak monitorizatzen duen Our World In Data datuen arabera, berriz, Afrikako herrialde gehienetan ez dira heldu biztanleriaren %2 txertatzera. "Daukagun osasun arazo larriena berdintasun eza da, ez gaixotasun bat", adierazi du Medicusmundiko presidente Carlos Medianok. Izan ere, herrialde aberatsenek bildutako txerto kopurua biztanleriaren hirukoitza da.