argia.eus
INPRIMATU
Hirugarren aldiz, Usansolo udalerri bilakatzearen aldeko hautua nagusitu da herri-galdeketan
  • Igandean herri-galdeketa egin dute, eta Usansoloren desanexioaren aldeko postura nagusitu da. Bozka eman dutenen %81,54 Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu da.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 30a
Argazkia: Javierme

Hirugarren aldiz, Usansolo udalerri bilakatzearen alde egin dute herritarrek. Hala adierazten dute igandean egindako herri-galdeketaren emaitzek: %81,54 Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu da. 3.771 pertsona zeuden bozka ematera deituta, eta horien %63,12k parte-hartu zuen galdeketan.

1987an eta 2014an agertutako iritzi berari eusten diote usansolotarrek. Urte horietan ere burutu baitzituzten galdeketak, Usansoloren desanexioaren aldeko postura nagusituz. Alabaina, erakundeek ez zieten zilegitasunik aitortu. Igandeko galdeketa ere ez da loteslea berez, baina badu desberdintasun esanguratsu bat aurrekoekin konparazioan: azken galdeketa ofiziala da, Galdakaoko Udalak antolatu duenez gero. Zentzu horretan pozik agertu zen Usansolo Herria plataformako bozeramaile Monika Mena, Berriari egindako adierazpenetan: "Poza sentitu genuen, sikiera berrogei urte luzeren ondoren lortu dugulako Galdakaoko Udalak ofizialki galdetzea ea udalerri independente izan nahi dugun".

Hurrengo urratsak zein diren azaldu du Menak. Orain Galdakaoko Udalari dagokio galdeketaren emaitza eta memoria bidaltzea Bizkaiko Foru Aldundiari, eta bigarren horrek loteslea ez den txosten juridikoa osatuko du, Bizkaiko Batzar Nagusiarena izanik azken hitza.

Usansolo Herria plataformatik espero dute beren borondatea errespetatua izatea: "Memorian argi gelditzen da Usansolok baldintza ekonomikoak, juridikoak, soziologikoak, bideragarritasunari buruzkoak, zerbitzuetakoak eta abar betetzen dituela, eta herritarron iritzia ere argi gelditu da. Beraz, Batzar Nagusietatik espero duguna da hori errespetatzea eta gure borondate eta erabakia onartzea, besterik ez". Galdeketak bilakaera hori izanez gero, prozedurak ez luke iraun beharko bi urte baino gehiago.