argia.eus
INPRIMATU
Hiru sindikatuko garraiolariek grebari eutsiko diote
  • Mobilizatzen jarraituko dute Hiru-ko garraiolariek, Altsasun egin duten ezohiko batzarrean erabaki dutenez.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 28a
Pasa den astean garraiolariek egindako protesta / Hiru.

"Gehiengo zabalak geldi jarraitzea erabaki du", jakinarazi du sindikatuak, 150 garraiolari bildu dituen batzarra amaituta.

Batzarrak "positiboki" baloratu ditu euskal administrazioekin izandako harremanetan emandako urratsak. "Ateak ireki zaizkie gure ikuspegiari eta eskaerei", diote. Kritikatu egin ditu, ordea, Espaniako Gobernua eta berarekin hartu emanetan izan den Garraio Batzordea, enpresa handien interesak lehenetsi dituelakoan. "Argi ikusi da garraiolari autonomoa ez dutela aintzat hartzen, ez dute begirunerik", salatu dute Hiru-ko kideek, eta beste erremediorik ez dutela izan gelditzea baino: “Horretara behartu gaituzte administrazioek urtetan baztertu ondoren. Guztien utzikeria salatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Foru Aldundiarena barne”.

Sindikatuko kideek adierazi dute grebari eutsiko dietela "gutxieneko batzuk lortu arte, garraiolaririk ez dadin egon baldintza kaxkarretan eta kostuen azpitik lanean errepidean".

Astelehenean, kamioi karabana

Gaur astelehena, garraiolariek joan etorria egingo dute Olaberriako LIDLeko aparkalekutik Irunera artean. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da karabana.