argia.eus
INPRIMATU
‘Hiru zitxun’ kabalkada ikusgarria emanen dute Ainhize herrian
  • Gamarte, Lakarra eta Ainhize-Monjolose herriek Hiru zitxun antzerki ikuskizuna emanen dute ebiakoitz honetan, Ainhizeko plazan, 21:00 orenetan. 130 jokalari ariko dira antzerkian kantuan eta dantzan.    

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 23a
130 jokalarik parte hartzen dute Hiru zitxun ikusgarrian. (Argazkia: Guillaume Fauveau).

Hirurak Bat antzerki taldea Lakarra, Gamarte eta Ainhize-Monjoloseko herrietan (Baxenabarren) aritu zen 80ko hamarkadan. Orduko iturriaren emaria ez da agortu. Garai hartako arizaleek eta hauen ondorengoek Hiru zitxun ikusgarria apailatu dute.

Hiruak Bat elkartea lozorroan zegoen nonbait eta 2017an iratzarri zen: “Ohartu gara hiru herrien arteko harremanak galtzen ari zirela eta zerbaiten muntatzeko momentua ote zen gogoetatu dugu elkarrekin”, azaldu du Jean Mixel Bikain gamartearrak.

Duela 40 urte herrietan antzerkiarekiko zegoen “enbeia eta giroa” bizirik zegoela oharturik, hiru herrietako biztanleak proiektu berri batera gonbidatu zituzten. Lehen bilkuran 55 herritar bildu ziren. Hiru zitxun ikusgarria apailatzeko kantua, dantza eta antzerkia lantzen ari izan dira bi urtez. Ikusgarriaren ideia lausoa lantzen hasi ziren eta iazko ekainean buru-belarri ekin zioten Hiru zitxun egitasmoari.

Hiru zitxun Jean-Mixel Nobliak idatzia da eta Kabalkada gisara jokatua. Noblia ez da hiru herri hauetako bizilaguna. Alta, usatua da gisa honetako ikusgarriak idazten eta zuzentzen: “Neutroa zen norbait nahi genuen”, azpimarratu du Bikainek.

Hiru zitxun Kabalkadak hiru dantza, hiru kantu eta antzerki librea uztartzen ditu. Nobliaren eleetan “komedia” da, hiru herrietako bi istorio lotzen dituena. Bata, “1970eko hamarkadan hiru herriak batzeko izan zen nahikaria”. Bestea, “Gamarte eta Lakarra arteko mugan dagoen iturri batek sortutako kalapitak”. Kattalin eta Xemartin pertsonaien arteko amodio istorioak lotzen ditu antzerkiaren hariak.

Ikusgarria bi aldiz eskainiko dute: 23an, larunbat honetan, 21:00tan Ainhize-Monjoloseko plazan, eta hilaren 30ean, tenore eta leku berean.