Komunikabide euskaldunak batzen dituen Hekimen Elkartearen izenean agerraldia egin du Alberto Barandiaranek Eusko Legebiltzarrean.
2014ko azaroan Legebiltzarrak berak onartutako mozioa gogora ekarriz hasi da Barandiaranen hitzaldia. Ordukoan, EAEko hiru alderdi nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten aztertzeko sektorearekin batera zein baldintza behar dituzten euskal medioek aurrera jarraitzeko.
Barandiaranen esanetan, garbi dago hedabideen garrantzia zenbaterainokoa den hizkuntzaren biziberritzean. “Hedabideak hizkuntz komunitatearen leihoak dira: hortik transmititzen da komunitatearen beraren errealitatea, eta bertatik jasotzen du komunitate horrek elkarren eta munduaren berri”.
Lan baldintzak, sektorearen ahulgunea
Baina funtzio hori bete ahal izateko oinarrizko baldintzak behar dituzte komunikabideetako langileek. Eta hori da, Hekimenek Legebiltzarrean azaldutakoaren arabera, momentu honetan sektoreak daukan ahulguneetako bat.
Euskal hedabideetako lan baldintzak “nabarmen apalagoak” dira erdarazkoen aldean. “Horrek ezegonkortasuna eta ziurtasunik eza sortzen du, eta ez du errazten langileei bizitzeko eta profesionalki garatzeko aukerak eskainiko dizkion ingurune bat lortzen”.
Iristen diren hedabideak
Datu asko eskaini ditu Barandiaranek euskal hedabideentzako bestelako finantzazio politika behar dela azaltzeko. Besteak beste, azken urteetan Jaurlaritzak lehen mailakotzat jo duen audientziaren alorrean sektoreko medioek lortzen dituzten emaitzak nabarmendu ditu. “Konstatazio bat egin nahi genuke: eraginkorrak dira euskal hedabideak. Iristen dira. Erreferentzia dira euskal hiztunentzat”.
Audientzien gaiak hizkuntza politika eraginkorrarekin duen harremana ere azaldu du: “Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) aurtengo urtarril eta otsail bitartean egindako kontsumo inkestaren datuen arabera, euskaldunek euskarazko prentsa aukeratzen dute hizkuntz gaitasunak gora egin ahala”.
Jaurlaritzarekin adostasunik ez
HPSrekin iaz martxan jarritako elkarrizketa mahaiari buruzko azalpenak ere eskaini ditu Hekimenek agerraldian. Urtarriletik udara bitartean hainbat gairi buruzko ikuspegiak trukatu ondoren, joan den urrian proposamen zehatza egin zion Jaurlaritzari Hekimenek: sektorearen onarpen zabala, batetik; eta epe luzerako begirada izango zuen politika adostea bestetik –planteamenduaren xehetasunak dokumentu honetan azaltzen dira–.
Horri erantzun gisa, Jaurlaritzak hiru urteko diru laguntzen deialdia iragarri du datozen urteetarako. Alegia, 2019ra arte gaur egungo aurrekontu bera aurreikusi da euskarazko hedabideentzat. “Diru poltsa mugitzeko aukerarik gabe, eta irizpideen inguruko eztabaida sakona eduki gabe. Ez da sektoreak behar duena. Ez da sektoreak eskatu duena. Ez da garatzeko eta egonkortzeko hedabideek behar dutena. Bitxia da, baina epe ertainerako planteamendu honek ez du egonkortasun sentsaziorik sortu sektorean, kontrakoa baizik: ezinegona badago, ez gaude lasai”.
Hedabideak garatu eta hobetzeko “beste neurri batzuk” behar dira, Hekimenek Legebiltzarrean azaldu duenez. Legebiltzarrak duela urtebete adostu zuena horixe dela ekarri du gogora, “gure jardunaren jarraipenerako behar ditugun baldintzak”.