Frantziako presidente ohiak urte bakarra bete beharko du zigorretik, eta epaitegiak aukera eman dio espetxetik kanpo betetzeko. Helegitea aurkezteko aukera du oraindik politikariak. Beste bi epaiketa ditu zain, 2007ko eta 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainak legez kanpoko finantzatzeaz akusatuta.
Akusazioaren oinarria 2014an Poliziak grabatutako elkarrizketa batzuk dira. Sarkozyk bere abokatu Thierry Herzogekin hitz egiten du grabazio horietan –Paul Bismouth izen faltsuarekin kontratatu zuen telefono linea bat erabilita–. Epaitegiak frogatutzat jo du Sarkozyk eta Herzogek Kasazio Auzitegiko epaile zen Gilbert Azibertirekin “ustelkeria ituna” egin zutela: epaileak sekretupeko informazio bat helaraziko zion Sarkozyri, akusatua zegoen beste kausa baten ingurukoa, eta trukean Sarkozy saiatuko zen Azibertiri Monakon postu bat lortzen.
Frantziako presidente ohiari (2007-2012) hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Parisko Auzitegi Korrekzionalak, baina epaitegiak erabaki du horietatik bi ez direla bete beharrekoak, eta aukera eman dio hirugarrena etxean betetzeko, edo eskumuturreko elektronikoaren bidez lokalizatuta. Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu zuen, bi bete beharrekoak. Zigorra betetzeko modua halere irekita dituen beste kausetan gertatzen denak baldintzatu dezake. Sarkozyk helegitea aurkeztu dezake epaiaren aurka. Aziberti eta Herzog ere espetxe zigor berdinera kondenatu dituzte, eta abokatuari bost urteko gaitasungabetzea ere ezarri dio.
Epaiketa gehiago, hilaren 17an hasita
Aurrera begira beste bi epaiketa ditu zain Sarkozyk. Hilaren 17an hasiko den prozesuan, 2012ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako kanpaina legez kanpo finantzatu izana leporatzen zaio, Bygmalion komunikazio enpresarekin faktura faltsuak sortuta. Datarik ez duen bigarren epaiketan ere finantzazio irregularra egozten zaio, baina 2007ko presidentetzarako hauteskundeetan eta orduan Libiako presidente zen Muamar al Gadafik emandako dirua baliatuz.
Zigorrak presidente ohiaren etorkizun politikoa baldintzatu dezake, LR Errepublikanoak alderdiko sektore batzuek bera bultzatu nahi baitute 2022ko hauteskundeetan presidentegai izateko. Sarkozyk bere errugabetasuna defendatu du uneoro.