argia.eus
INPRIMATU
Bi antimilitaristaren aurkako epaiketa
Hiru urteko espetxe zigor eskaera mantendu du fiskaltzak
  • KEM taldeko bi antimilitarista epaitu dituzte 2021ean Bilboko Irala auzoko kuartel militarra eraisteko parodia egiteagatik. Kalteak egitea leporatzen diete: fiskaltzak hiru urteko espetxe zigorra eta 9.000 euroko isuna eskatu zituen, eta hala mantendu du epaiketan. Akusatuek absoluzioa eskatu dute, eta antimilitaristek parodia berria egin dute Epaitegiaren aurrean

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 24a
Hiru urteko zigorra ezarri nahi diete bi antimilitaristari. / Argazkia: KEM

KEM Bilboko talde antimilitaristako bi ekintzaile epaitu dituzte Bilbon asteartean, Irala auzoko Espainiako Armadaren kuartel militarra "auzotarrei itzultzeko" exijitzeko egindako ekintza sinbolikoagatik. 2021eko abenduaren 18an ekintzaileek Juan de Garay kaleko kuarteleko sarreran parodia egin zuten: bi kide harresira igo ziren, eta beste bik kanpoaldetik horma erausten zutela irudikatu zuten, mailuz hainbat kolpe emanez. Ertzaintzak ekintzaileak identifikatu zituen, eta kalteak egitea leporatu.

Militarrek 800 euroko kalte ordainak eskatu zizkion KEM taldeari, eta eskatutakoa ordaindu zuen eragile antimilitaristak. Asteartean egin den epaiketa hasi baina ordu laurden lehenago militarren ordezkaritzak jakinarazi du ez zela akusazio zibil moduan aurkeztuko. Fiskaltzak, ordea, ekintzaile bakoitzarentzat hamazortzi hilabeteko espetxe zigorra eta 4.500 euroko isun eskaera egin du, eta hala mantendu du epaiketan.

Defentsak absoluzioa eskatu du argudiatuz kalteak ordainduta daudela, eta gainera, "zilegi" dela kuartela desegiteko eskatzea, ez duelako funtzio errealik betetzen. Aste bat edo bitan epaia ezagutzea espero dute Gorka Iturrino Gorostiaga eta Eneko Elorriaga Astigarraga auzipetuek. 

48.800 milioi euroko gastua

Eraikina eraisteko parodia Bota kuartela kanpainaren barruan egin zuten antimilitaristek. Espainiako Armadaren esku dauden 6.500 metro koadroak "hiriko pertsonen bizi baldintzak hobetuko dituen erabilerara" bideratzea exijitzen dute, eta berdina egitea gastu militarrarekin ere. 2021ko abendu hartan 43.000 milioi euroko gastuak salatu zituzten, eta epaiketaren egunera bitartean gastua 48.800 milioi eurotara igo dela ohartarazi dute. 

Bi auzipetuei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Bilboko zigor arloko 5 zenbakiko auzitegiaren aurrean, eta "kuartela botatzen" jarraituko dutela aldarrikatu dute.