Agintearen aurkako erasoa egotzita hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote Kukutzako hustearen aurkako erresistentzian parte hartu zuen gazte bati. Usurpazio delitua egozten zizkieten 23 lagunak absolbitu dituzte. Kukutzarekin Elkartasun taldeak salatu du epaileak ertzainen arteko kontraesanak kontuan hartu ez izana.
Era berean, eraisketaren “astakeria” estaltzeko poliziak "muntaia" handia sortu duela adierazi dute: “Epaituriko kasuan, zauritutako kide bat hautatu zuten, haien biolentzia ordaindu zezan. Hurrengo egunetan, Errekaldera hurbildu zirenetako hainbat atxilotu zituzten, ausaz. Haien aurkako epaiketa datozen hilabeteetarako espero da”.
Era berean, sententzia 2011ko gertakarien ondorioa dela adierazi dute: “Sorkuntza, autogestio eta gizarte kritikoa bultzatzen zituen Kukutza III gaztetxea suntsitu zuten, udalaren ekimenez eta CABISA gisako enpresa ustel baten bitartez. Muntaia hau epaitegietan onartu zuten, egon ez zen usurpazio delitu bat aitzakia. Orduan, Ertzaintzak Errekalden okupazio polizialari ekin zion”.
2011ko irailaren 21ean hustu zuten Kukutza Bilboko Errekalde auzoko eraikin okupatua. Ertzaintza oldartu egin zen bai gaztetxe barruan zeuden pertsonen aurka, baita eraikinaren inguruan zeudenen aurka ere. Epaitu dituzten 24 lagunak Kukutzaren teilatuan azken unera arte geratu ziren pertsonak dira.