argia.eus
INPRIMATU
Hiru urteko espetxe zigorra ezarri nahi diete Bilboko bi antimilitaristari gastu militarraren aurkako protesta batengatik
  • Urtarrilaren 24an KEMeko bi antimilitarista epaituko dituzte Bilboko auzitegian, 2021eko abenduan Juan de Garay kaleko kuartel militarra gastu militarraren aurkako eta kuarteleko lurrak Iralako auzotarrentzat izan daitezen eskatzeko protesta eta parodia batengatik.

Axier Lopez @axierL 2023ko urtarrilaren 13a
Argazkia: KEM

2021eko abenduaren 18an Bilboko KEM taldeko zenbait kide antimilitaristak Juan de Garay kalean Espainiako armadak duen kuartel ezaguneko sarreran protesta egin zuten. Batetik, kuartelak okupatzen dituen 6.500 metro koadro Iralako auzotarrei itzultzeko eskatu zuten, eta bestetik, gerrara zuzendutako aurrekontuaren igoera salatu zuten "Bota Kuartela" kanpainaren barruan. Protesta ekintza ez-biolento hartan, bi ekintzaile harresira igo ziren eta beste bi kidek mailua eskuan hartuta kuartelaren harresia botatzen ari zirela irudikatu zuten, paretari hainbat kolpe emanez. Ertzaintzak orduan ekintzaileak identifikatu zituen eta "kalteak" leporatu zizkien.

Orduko salaketa orain epaitegietara helduko da. Urtarrilaren 24an  Bilboko Talde Antimilitaristako bi ekintzaile Bilboko zigor-arloko 5 zenbakiko epaitegian epaituko dituzte, kuartela "eraisten" saiatzeagatik. Protestan egindakoa kalte delitutzat jo du fiskaltzak, eta hala 18 hilabeteko espetxe-zigorra eta 4.500 euroko isuna eskatu du antimilitarista bakoitzarentzat.

Aurtengo azaroan protesta ekintza bera egin zuten berriro KEMeko kideek, oraingoan kuartelaren aurrean aldamio bat jarrita.