argia.eus
INPRIMATU
Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote Miren Larrioni, koalizioko kide baten identitatea ordezteagatik
  • Hiru urteko espetxe zigorra eta 2.835 euroko isuna ezarri dizkio epaileak EH Bilduko eledun ohi Miren Larrioni. Ikusteke dago ebazpena bere horretan aplikatuko den, ala espetxe zigorra gizartearentzako lanengatik trukatzeko aukera aztertuko den.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 24a
Miren Larrion, artxiboko argazki batean. (EH Bildu)

Asteartean egin du publiko ebazpena Gasteizko Zigor-arloko 2. zenbakiko epaitegiak, eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Miren Larrioni. Horrez gain, 2.835 euroko isuna ere ordaindu beharko ditu. Hiru delitu leporatu dizkiote EH Bilduren Gasteizko Udaleko eledun ohiari: egoera zibila usurpatzea –horretarako mozorroa erabili izanaren astungarriarekin–, dokumentu-faltsutzea eta ebasketa. Ikusteke dago ebazpena bere horretan aplikatuko den edo espetxe zigorra gizartearentzako lanekin trukatuko den, aukera hori mahai gaineratu baitzen bi aldeen artean.

Epaileak "aldakuntza psikikoa" aringarria kontutan hartu du epaia erabakitzerako orduan, frogatutzat joz gertakarien unean "estres eta antsietate nahasmendua" jasaten ari zela Larrion, eta horrek eragina zuela bere "borondate eta adimen gaitasunetan".

Zehazki, 2020ko abendua eta 2021eko otsaila bitartean jazo ziren gertakariak. Larrionek EH Bilduko kide bati diru-zorroa lapurtu zion haren dokumentazioa lortzeko, eta besteren artean bankuan kontu bat eta telefono linea bat kontratatu zituen haren izenean, horretarako bere itxura fisikoa ere moldatuz. 2021eko otsailaren 22an atxilotu zuten gertakari horiengatik, eta Larrionek bere kargua utzi zuen, egindako "akatsa" onartuz. "Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ezezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela. Zortea izan nuen, eta oihu hura entzuna izan zen", adierazi zuen sare sozialen bidez.