2017ko otsailean jazo zen erasoa. Akusatuak onartu egin du Fiskaltzak egindako azken zigor eskaria.
Gizon batek 16 urteko adingabe bat bortxatu zuen 2017ko otsailean, Tolosako pisu batean. Ia hiru urte beranduago, akusatuak onartu egin du Fiskaltzak egin duen hiru urte eta erdiko espetxe zigor eskaria. Hasieran bederatzi urte eskatzen bazituen ere, azken eskarian ia sei urte gutxiago eskatu ditu.
Naizek jakitera eman duenez, espetxe zigorraz gain, 15.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, zeinetik 6.000 euro jada eman dizkion. Horrez gain, zigorra bete ondoren bost urtez egongo da zaintzapeko askatasunean, eta hamairu urtez izango du debekatua adingabeari hurbiltzea.