argia.eus
INPRIMATU
Hiru urte eta erdiko kartzela eskatu dute AHTren aurkako bederatzi ekintzailerentzat
  • 2009ko abenduaren 22an Olentzeroz jantzitako zortzi lagunek Barakaldoko Megaparken trafikoa moztu zuten AHTren, Supersurren eta kontsumismoaren aurka protesta egiteko. Ekintzan parte hartu zuten bederatzi pertsona deklaratzera deitu dituzte Barakaldoko auzitegira. Zortzi parte hartzeagatik, eta bat laguntzeagatik.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 02a
Ekintzaileak Olentzeroz jantzi, eta bidoi batzuetara kateatu ziren Barakaldoko Megapark merkatal gunean.

Egun horretan, zortzi pertsona Olentzeroz mozorrotu, eta bidoi batzuetara kateatu ziren Barakaldon dagoen Megapark merkatal zentroko sarbideetan. Kontsumismo “basatiaren” eta egitura erraldoien aurkako protesta egitea zen euren helburua.

Auto ilara handiak sortu ziren. Ertzaintza bildu zen jendearen aurka oldartu zen, hamar pertsona atxilotu eta beste hiru identifikatu zituzten.

Fiskalak hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du. Bi urte desordena publikoengatik, eta urte eta erdi trafiko segurtasunaren aurkako delitu batengatik.

Auzitegiaren erabaki “neurrigabearen”  aurka protesta egiteko, eta auziko kideei elkartasuna adierazteko bi elkarretaratze deitu ditu AHTren aurkako koordinakundeak. Lehena, urriaren 5ean 19:30etan izango da Bilboko Plaza Biribilean, eta bigarrena, hurrengo egunean 9:30etan Barakaldoko auzitegiaren aurrean.