argia.eus
INPRIMATU
Hiru urte atzeratuko da CAFek Renferentzat egin behar zituen trenen eraikuntza, trenak ez direlako tuneletan sartzen
  • 2020an itxi zuten kontratua. 258 milioi eurokoa da, eta 31 tren dira eraikitzekoak.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 07a

CAFek Renferentzat egin behar zituen trenen eraikuntza hiru urte atzeratuko da, hasierako proiektuko trenaren neurriak handiegiak zirelako trenbideetako tuneletarako. 2020an itxi zuten 31 tren eta 258 milioi euro barnebiltzen zituen kontratua Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak eta Renfe Espainiako trenbide eragile publikoak. Kontratuaren arabera, beranduenez 2024ko urrirako egon behar zuten eginak lehen trenek.

Proiektua prestatzen ari zela, CAFek Renferi jakinarazi zion galiboetan arazo bat zegoela eta ez zirela aurreikusitako trenekin bateragarriak. Arazoa publiko azken astean egin bada ere, badirudi hilabeteak direla Renfe, CAF eta Adif jakinaren gainean daudela, eldiario.es-ek jakinarazi duenez.

Kontratu aldaketa

Renfek jakinarazi duenez, arazoari irtenbidea emateko CAFekin akordio batera iritsi da: kontratua aldatuko dute, eta Espainiako Trenbide-Segurtasuneko arauak aldatu. "Metodo konparatiboa" erabiliko dute tren berriak eraikitzeko; hau da, dagoeneko martxan dabilen tren bat eredu hartuta eraikiko dituzte berriak. Sistema hori aplikatzeko, CAFek horretan espezializatutako enpresa bat kontratatu beharko du.

Espainiako Sustapen Ministerioak adierazi duenez, makinak ez dira eraikitzen hasi ere egin, eta 258 milioi euro horietatik ez da "zentimorik" xahutu. Hala ere, neurri berrietako trenak eraikitzeko diru gehiago erabili beharko da, nahiz eta oraindik ez duten adierazi zenbat.

Gertatutakoa dela eta, Adifek eta Renfek pertsona bana kargugabetu dute; hain zuzen, Adifeko Ikuskaritza eta Teknologiako arduraduna eta Renfeko Zuzendaritza Teknikoko eta Eragiketen Zuzendaritzako Materialaren Kudeaketaren arduraduna.