argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriaren beste biktima bat
Hiru turkiarrek Baris Çakan 20 urteko kurdua hil dute labankadaz Ankaran
  • 20 urteko Barış Çakan kurdua hil dute astelehenean Ankaran hiru turkiarrek bihotzean emandako labankadaz. Bere familiak salatu du Etimesgut barrutian zuen etxetik atera zela ondoko parkebatean lagunekin geratua zelako eta hiru gizonek eraso egin ziotela. Momentuan hil zen. Ez dago garbi zergatik hil zuten.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko ekainaren 03a
Barış Çakan artxiboko argazki batean.

Etxetik atera aurretik, Barış Çakan etxeko balkoian musika kurdua entzuten aritu zen, ANF agentziak jakinarazi duenez. Horrez gain, otoitzean ari zela, hil zuten hiru pertsonek autoan musika oso altu zutela eta, bolumena jaisteko eskatu ziela ere irakur daiteke The Guardianen, eta balitekeela hori izatea hilketarako arrazoia.

Turkiako Poliziak atxilotu ditu hiru susmagarriak. Hildako gaztearen lehengusu Doğan Çakanek publikoki adierazi du aurretik ere eraso egina ziotela musika kurdua entzuteagatik.

Çakanen hilketak haserre handia eragin du ekintzaile eta politikari kurduen artean, eta gorroto krimen gisa jo dute. HDP alderdiak, adibidez, salatu du "Baris hil dutenen mentalitatea elikatzen dela kurduerazko seinaleak kenduz eta kurduerazko hezkuntza eskaintzen duten eskolak itxiz".

HDPren oharrak erreferentzia egiten dio maiatzaren 30ean, Siirt izeneko herrian kurdueraz zeuden seinaleak erretiratu zituztela Turkiako gobernuaren aginduz, eta horrez gain, Celadet Bedir Khan linguista eta idazleak fundatutako liburutegia eraitsi zutela.

Asteartean bere omenez hileta eta protesta egin dute. Istanbulen, arrazakeriaren aurka egiteaz gain, AEBetan poliziak hildako George Floyd eta Ankaran hildako Barış Çakan omentzeko manifestazioari hasieratik eraso egin dion bertan bildutako jendeari, azpiko bideo honetan ikus daitekeenez. 20 pertsona atxilotu dituzte.

Konparazio ugari

Ez dira gutxi izan sarean George Floyd estatubatuarrarekin konparatu dutenak BarisÇakan gazte kurdua. Horrez gain, aste berean poliziak Jerusalemen Iyad Halak gazte palestinarra hil du eta hiruak biltzen dituzten txio ugari aurki daitezke sarean.

Horrez gain, Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek adierazi du AEBetako gobernua Floyden hilketa kudeatzen ari den modua faxista eta arrazista dela. Txiolari kurduek berehala erantzun zioten #BeingKurdInTurkey traolarekin, beren aurkako eskubide urraketak zerrendatuz.