argia.eus
INPRIMATU
Hiru sexu eraso salatu dituzte azken egunetan Euskal Herrian
  • Sexu erasoengatik salaketa bana jarri dute Gasteizen, Donostian et Iruñean. Horrez gainera, indarkeria matxista kasu gehiago salatu dituzte azken egunotan.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 21a

Joan den ostiralean gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak Gasteizen, ostean aske uzteko, urruntze aginduarekin. El Correo egunkariak eman zuen atxiloketaren berri, eta iturri horren arabera Gasteizko Instrukzioko 4. zenbakiko Epaitegia eta Udaltzaingoa gizona ikertzen ari dira, adin txikiko bi alabei sexu erasoak egin izana leporatuta.

Erasotuak izandako bi neskatoen amak, ikerketapean den gizonaren bikotekide ohiak, jarri du salaketa. Hark deklaratu duenez, zazpi bat urteko epe-tartean jazo ziren erasoak, etxeko pribatutasunean. Alegia, haurren aurkako erasoak sistematikoak izan ziren urte horietan guztietan, ustez duela lau urte eten ziren arte.

Gasteizkoaz gain, azken egunetan sexu eraso gehiago salatu dituzte. Iruñeko Udalaren bidez igandean jakin zenez, larunbat gauean emakume batek sexu erasoa pairatu zuen. Udaletik, emakumeari elkartasuna eta babesa adieraztearekin batera, haren eskubideak eta intimitatea zaintzeko nahia agertu zuten, eta ez zuten erasoaren inguruko detaile gehiagorik eman.

Larunbatetik iganderako goizaldean jazo zen salatutako hirugarren sexu erasoa, Donostian. 14 urteko emakume batek salatu du gizon batek bortxatu egin duela, jai giroan murgilduta zegoen Loiolako Erriberak auzoan. Segurtasun sailaren arabera, ustezko erasotzailea ere adin txikikoa da. Ikerketa abiatu dute gertatutakoaren gainean.

Indarkeria matxista kasu gehiago

Sexu erasoez gain, indarkeria matxista kasu gehiago ere salatu dituzte egunotan. Berriak asteartean jakinarazi zuenez, Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapeko adingabe batek hezitzaile bat salatu zuen pasa den astelehenean, sexu abusuengatik. EITBren arabera, gaztearen hezitzailea da salatutakoa, eta abuztuan jazo zen erasoa. Ertzaintza gertakariak ikertzen ari da, eta bien bitartean hezitzailea postutik kendu dute, eta kaleratzeko espedientea zabaldu diote.

Araban bertan, Gasteizko Zabalgana auzoan, 34 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak astelehenean, bikotekide ohiari eraso egin izana leporatuta.

Iruñean, ostera, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Auzitegiak bermerik gabeko behin-behineko kartzelaldi komunikatua agindu du gizon batentzat. Urruntze agindua izan arren, bikotekide ohiaren etxera joan eta Berriak jasi duenez, bikotekide ohiarengana hurbiltzea debekatua zuen arren haren etxera joan eta mugikorreki mezu bidez mehatxuak eta irainak egin zizkion.