argia.eus
INPRIMATU
Hiru pertsona hil ditu Israelek Gazako azken bonbardaketan
  • Israelek enegarrenez Gaza bonbardatu du, gobernuaren esanetan Hamasek aurretik botatako misilei erantzunez.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 09a
Bonbardaketen irudia (Argazkia: Kolkata24X7)

Asteazkenetik ostegunerako gauean Gazako zerrendan tiro hotsak entzun dira bi aldeetan. Hamaseko adar militarrak koheteak zuzendu ditu Israelen aldera. Sei pertsona zauritu dituzte, horietako bat urte eta erdiko haur bat. Misilen aurkako sistemak hainbat kohete suntsitu ditu. Gainontzekoak etxerik gabeko eremuetan erori dira.

Israelek bonbardaketekin erantzun dute. Hiru pertsona hil dituzte: haurdun zegoen emakume bat eta bere urte eta erdiko alaba. Israelen ustez, Hamaseko milizianoa zen 30 urteko gizonezko bat ere tiroz hil dute. Hamasen hainbat eremu estrategiko bonbardatu dituztela dio Israelgo gobernuak: tunelak eraikitzeko beharrezko duten zementu fabrika, gune militarreko hainbat postu, besteak beste.

Nazio Batuen Erakundeak Israeli eskatu dio Gazaren erregaiaren hornikuntzaren blokeoa bertan behera uzteko. “Jarduera arriskutsua” dela dio Jamie McGoldrick Zeregin Humanitarioko Koordinaziorako Nazio Batuen Bulegoko burua eta “pertsonen eskubideentzat ondorio larriak” izan ditzakeela gaineratu du.

Aldiz, Benjamin Netanyahuk, Kolonbiako gobernu aldaketa baliatuz, Ivan Duque presidente berriari eskatu dio Palestina ez onartzea estatu bezala eta bere aurrekoak hartutako erabakia alde batera uztea.