argia.eus
INPRIMATU
Hiru milioi errefuxiatu Sirian Nazio Batuen arabera
  • Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR ingelesez) salatu du bi siriarretik batek etxea utzi duela "egoera geroz eta beldurgarriagoengatik", BBCk jaso duenez. "Gure aroko larrialdi humanitariorik handiena da".

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 29a
Errefuxiatu gehienak Libanora, Turkiara eta Jordaniara joan dira (argazkia: UNHCR)

“Gaur egun UNHCRen ardurapean dagoen munduko errefuxiatu talderik handiena Siriakoa da, eta kopuru hori Palestinako hamarkadetako gatazkak bakarrik gainditzen du. 64 urtetako operaziorik handiena da Siriakoa”, adierazi du UNHCRek ohar batean.

UNHCRen datuen arabera, zortzi siririarretik batek muga zeharkatu du, iaz baino milioi bat gehiago, eta 6,5 milioi pertsona herrialdean barrena lekualdatu dira, erdia umeak. Errefuxiatu gehienak gertuko herrialdetara joan dira:

1.175.504 Libanora

832.508 Turkiara

613.252 Jordaniara

215.369 Irakera

139.090 Egiptora

23.367 Afrikako iparraldera

Siriatik ateratzea geroz eta zailagoa dela ohartarazi dute: “Askok muga-postuetan eroskeriak ordaintzera behartuta ikusten dituzte euren buruak, eta Jordaniako ekialdera iristeko basamortua zeharkatzen dutenek 100 dolar edo gehiago ordaindu behar izaten dizkiete kontrabandistei leku seguru batera iristeko”.

UNHCRen izena eman duten azken errefuxiatuek segurtasun eza, lana aurkitzeko zailtasuna, oinarrizko produktuen eta janariaren prezioen igoera drastikoa eta zerbitzuen gabezia aipatu dituzte Siriatik ihes egiteko arrazoien artean. Beste askok herrialdea utzi behar izan dute ez dutelako euren gaixotasunentzako tratamendua jasotzeko aukerarik.

UNHCRek jakinarazi du 4.100 milioi dolar jaso dituztela, baina 2.000 milioi gehiago behar direla oraindik Siriako krisiari aurre egin ahal izateko.