Suhiltzaileek atera behar izan dituzte estoldetatik, gaua bertan trabatuta eman ostean. Gurutzeta Ospitalean daude hirurak, horietariko bat egoera larrian.
Igande goizean Europa ekialdeko hiru gazte migratzaile atera dituzte suhiltzaileek Bilboko portura ematen duten estoldetatik. Gazteak bertan sartu ziren, antza Europako beste herrialde batera eramango zituen itsasontziren batean itsasontziratzeko esperantzarekin. Trabatuta geratu dira, ordea, ez atzera ez aurrera, eta ordu batzuk eman dituzte gerriraino uretan sartuta eta gas toxikoak arnasten.
Estoldatik askatzean Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte hiru gazteak. Bat Zainketa Intentsiboko Unitatean ingresatu dute, egoera larrian. Lasaigarriak eman dizkiotela eta arnasteko laguntza behar duela jakinarazi zuen igandean EITBk.
Urteak dira Bilboko portuaren inguruan migratzaileak biltzen direla, ezkutuan, Europako beste herrialde batzuetara bidaiatu nahian. Orain bi urte portuaren agintariek lau metroko horma eraikitzeko agindua eman zuten polizoiei bidea itxi nahian.