argia.eus
INPRIMATU
Hiru migratzaile hil dira eta beste bat larri zauritu Ziburun, trenak harrapatuta
  • Ezbeharra 6:30ak aldera gertatu da; lau pertsonak trenbidean lo zeudela uste da. Zauritutako migratzailea Baionako ospitalera eraman dute.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 12a
Donibane Lohizuneko tren geltokia. Argazkia: eitb.eus

Euskal Irratiak jakinarazi du gertatua. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokitik 500 metro ingurura gertatu da ezbeharra. Poliziak moztu egin du trenbidea bi norabideetan, eta ikerketa abiarazi du. Ziburuko auzapez Eneko Aldanak baieztatu du gertatutakoa, adieraziz antza hiru hildakoak eta zauritua trenbidean lo zeudela trena pasatzean. Ez du ziurtatu migratzaileak zirenik hildakoak eta zauritua. Ondoren, ordea, Jerôme Bourrier Baionako prokuradoreak baieztatu du hori.

Berria egunkariak, bestalde, Peio Dufau Ziburuko hautetsiaren hitzak jaso ditu. Tren gidaria da ofizioz. "Polizia gibeletik dute toki guztietan. Bidasoa ibaian bi ito ziren, horrek frogatzen du bide guziak hartzen dituztela mugatik eskapatzeko, Baionara iristeko. Geroz eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte, kontrolen ondorioz: trenbidea horietako bat da. Trenbideetako langileentzat ere zaila da. Sekulako arriskuak harrtzen dituzte, sobera kontrol badelako. Zer aldatzen du oztopatzeak? Zer aldatzen du? Ez dira poliziarengatik geldituko".