argia.eus
INPRIMATU
Hiru medikuetatik bi falta dira Elizondoko osasun etxean
  • Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.

Olaia L. Garaialde 2024ko abuztuaren 23a
Erratzuko osasun etxean, administratiboa, medikua eta erizaina. Argazkia: Olaia L. Garaialde.

Egoera larrian dago Elizondoko osasun etxea. Hiru medikuren artean artatu beharko lituzkete pazienteak goizetan Elizondon; aldiz, mediku bakarra dago 3.000 pertsonari arreta emateko. Udaberrian mediku batek akoplamendua –Osasunbideako langileek lekualdatzeak egiteko dituzten tresna– eskatu zuenez, lanpostu bat bete gabe geratu zen. Ondoren, beste batek kontratuari uko egin zion. Bakarra geratzen da, eta gerta liteke irailean lekualdatzea egitea. “Falta diren medikuen lanpostuak aparteko orduekin betetzen saiatu gara. Ez dira derrigorrezkoak; hortaz, mediku faltari aurre egiteko Osasunbideak proposatzen duen konponbide bakarra produktibitate boluntarioa da”, esan du Xabi Zarandonak, Elizondoko guardiako medikuak.

Egoera honetan, gaixoen jarraikortasuna bermatzea ezinezkoa dela azaldu du: “Guretzat beti dira gaixo berriak, eta gaixoentzat beti gara mediku berriak. Ez dago jarraipen egoki bat emateko aukerarik ez dakigulako non egonen garen lanean”. Gaineratu du jarraikortasuna lehen mailako arretak daukan gauzarik garrantzitsuena dela: “Ezaugarri espezifiko eta berezi bat da, eta horrek, berebiziko garrantzia dauka eskaintzen dugun arretaren kalitatean”. Argi du zerbitzuaren kalitatea jaitsiko dela.          

Pazienteei eragiteaz gain, langileengan ere eragina dauka, lan karga “pila bat” handitzen delako: “Langile batzuek ohiko lanaldia baino %10 gehiago egiten dute eta beste batzuek %50 gehiago”. Gainera, udan handitu egiten da zama, lankideen oporraldiak eta guardiak banatu behar direlako: “Asko gara, baina ordu pila bat dira”.

"Mediku faltari aurre egiteko Osasunbideak proposatzen duen konponbide bakarra produktibitate boluntarioa da"

Larrialdietako zerbitzua ezin bete

Mediku eskasiaren ondorioz, ez dira iristen hogeita lau orduz irekita dauden zentro batzuetako guardiak egitera. Gainera, ordainketa sistemarengatik, guardia batzuk beste batzuk baino erakargarriagoak dira. Urdazubi eremuko larrialdiak, esate baterako, ez dira horren errentagarriak langileentzat.

Horregatik, uztailaren 11n, 24an, 27an eta 31n, 15:20etik 08:00ak arte, Urdazubiko eremua medikurik gabe egon da eta Elizondotik eskaini dute osasun zerbitzua. “Egun askotan, ez daukagunez medikurik itxi behar izaten dugu eta zerbait egotekotan Elizondotik joan. Horrek esan nahi du ordu erdi baino gehiagoko bidaia dugula joateko eta itzultzeko. Ondorioz, Elizondoko zerbitzua hutsik geratzen da”. Gainera intzidentzia “handiko” lekua izaten da.

Urteak daramatzate horrelako lan baldintzak salatzen, eta beste bailara batzuetan ere egoera kritikoan daude; hala nola Bortzirietan eta Leitzan.