argia.eus
INPRIMATU
Hiru manifestari hil ditu Irakeko poliziak, zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioetan
  • Uztail bukaera honetan Bagdadeko Tahrir plazan errepikatzen dabiltzan manifestazioetan gertatu dira ezbeharrak. Aurreko gobernuak bideratu errepresio bortitzaren tonua dute hilketa hauek.

     

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 28a

Maiatzean lehen ministroz aldatu arren, badirudi logika ez dela hainbeste aldatu Iraken; edo behintzat horren beldurra dute protestan dabiltzanek. Hain zuzen, zerbitzu publikoaren alde –eta batez ere kalitatezko elektrizitate sistema baten alde– uztailaren azken aste honetan burutu manifestazioetan hiru lagun hil ditu Irakeko poliziak. Medikuek zehaztera eman dutenez, “burura eta lepora bidalitako” granada tiroz hilak izan dira. 50 graduz goragoko bero handiak pairatu behar dituztela, elektrizitate-mozketak deitoratzen dituzte herritarrek karriketara ateraz. Uda guztiez kalera ateratzen dute aldarrikapen hori.

Hilketei buruzko inkesta ireki du maiatzaz geroztik boterean den Mustafa al-Kadhiminen gobernuak. Hain zuzen, aurreko gobernuaren jarrera errepresibotik ezberdindu nahi du.

Errepresioaren itzala, berriro ere

2019ko urrian abiatu zuten protesta soziala irakiarrek, Bagdadeko Tahrir plaza zutela mugimenduaren epizentroa. Enpleguak eta zerbitzu sozialak baita ustelkeriaren bukaera ere zituzten helburutzat karrikara ateratako herritarrek. Errepresioaren bidez erantzun zitzaien aldarrikapenei: 550 hil baino gehiago, 30.000 kolpatu eta hamarnaka militante desagerrarazi zituen gobernuak.

Adel Abdel Mahdi ordungo lehen ministroak hauteskundeak antolatu eta Mustafa al-Kadhimik irabazi zituen aurtengo maiatzean; krisi sozial, politiko eta ekonomiko latz horri aurre egiteko erronkarekin. Hiru hilketa horiek direla eta, aurreko gobernuaren joera berarekin segitzea leporatzen diote hainbat eragile eta herritarrek.