argia.eus
INPRIMATU
Hiru lagun epaituko dituzte apustu etxeen aurkako kartelak jartzeagatik Andoainen
  • Asteartean, 28, asanblada informatibo bat egingo dute, 19:00tan Andoaingo Zumea Plazan, herri mugimenduko hiru kide hauen epaiketa dela-eta: “Apustu etxeen aurka azaltzeko deitzen ditugu herritarrak”.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko maiatzaren 27a
(Argazkia: Topatu)

Andoaingo herri mugimenduko 3 kide epaitegira deituak izan dira maiatzaren 30erako, apustu etxeen aurkako kartel batzuk ipintzeagatik.

Apirilean herri mugimenduak kanpaina bat abiatu zuen "Apustu etxeak kanpora, ez Andoainen, ez inon" lelopean eta koloredun kartel batzuk jartzen: “Gaia gizartean hartzen ari den oihartzuna eta zabaltzen ari den kezkaren haritik, beste udalerri batzuetan egiten ari diren lanketekin bat egin eta kontzientziazio lana egiteko asmoz kanpaina txiki jarri genuen martxan”.

Kanpaina honen barruan, hitzaldi bat ere antolatu dute ludopatia eta adikzioen inguruan, Oreretako Ekintza Bibe taldearen eskutik. Hau ekainaren 10ean izango da, Urigainen 18:30tan: “Arazo honek gazteengan duen eragin kaltegarria eta sortzen dituen familia desestrukturazioak gero eta ugariagoak dira. Gizarte bezala eginbeharra dugu egoera hauek bideratzeko”.

Albiste hau Topatu-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.