argia.eus
INPRIMATU
Hiru izaera erle bilakatzeko
  • Erlauntzaren jaiotza erregina estali baten errutearekin hasten da. Hemen ere betikoa, arrautza ala erregina ote zen lehena…

Mattin Jauregi Inaxio Arin Balerdipeko erleak @balerdipeko 2024ko urtarrilaren 22a
Argazkia: Asaf/ Dutch Wikipedia

Erreginak bere ugalketa aparatuan bi boltsa bereizten ditu: arrautzen poltsa (obuluak) eta espermateka (esperma biltegia). Erruterako momentuan erreginak ugalketa aparatua abaraska barruan sartzen du, eta abaraskaren neurriak bereiztuko du jaioko den erlearen sexua: abaraska estua denean, erreginaren ugalketa aparatua estutzen da arrautza eta esperma elkartuz (arrautza ernaldua); eta abaraska zabala denean, ez da erreginaren ugalketa aparatua estutzen eta arrautza soilik erruten da espermarik gabe (ernaldu gabeko arrautza). Ernaldutako arrautzatik erle langilea eta erregina jaioko dira (emeak) eta, aldiz, ernaldu gabeko arrautzatik erlamandoa (arra).

Gauza jakina da tximeleta ez dela tximeleta jaiotzen, harra izaten dela tximeleta izan aurretik, bada, erlea berdin. Arrautzatik larbara igaroko da, larbatik ninfara, eta ondoren izango da erle. Erle izateko lehenik larba izan behar.

Arrautza izatetik erle izaterako prozesua edo metamorfosia, abaraskaren barruan egiten du: lehen hiru egunak arrautza moduan, ondoren larba fasera igarotzen da, fase hori pasata ninfa bilakatzen da, azkenik erlea bere osotasunean jaiotzeko.

Erlea jaiotzen denetik 40 egun inguru bizi dela esaten dute, baina erle izan aurreko beste 21 egunetan ere zer edo zer biziko da, ezta? Edo horiek larbaren eta ninfaren bizitzak dira? Hiru izaera erle bilakatzeko.