argia.eus
INPRIMATU
Hiru ikastetxetik batean ez dituzte Jaurlaritzak ezarritako kanpo-probak egin
  • Maiatzaren bigarren hamabostaldirako Lehen Hezkuntza eta DBH amaierako ebaluazio-azterketak deituta zituen Eusko Jaurlaritzak 90 ikastetxetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian jakinarazi duenez, 27tan ezin izan dute proba egin, ikasle gutxiegi egon dela eta.  

Unai Brea @unaibrea2 2017ko ekainaren 20a

30 ikastetxetan egitekoak ziren Lehen Hezkuntza bukaerako ebaluazioak, eta 60tan DBHko 4. mailakoak. Alta, orotara 63 zentrotan baizik ez dute egitea lortu. Deialdia zabaldutakoan, azterketari muzin egiteko eskatu zuen Hezkuntza Plataformen Topaguneak, objekzio orriak gurasoentzat eskuragarri jarriz.

Ekimena aintzat hartua izan da aipatutako 27 ikastetxeetan. Diotenez, Jaurlaritzak antolatutako probak LOMCEren testuinguruan daude. Kontuan izan behar da Espainiako lege berriak probak aurreikusten dituela Jaurlaritzak antolatu dituen maila beretan.

Jaurlaritzak, aldiz, behin eta berriro aldarrikatu du kanpo-azterketak ebaluazio sistema propioa diseinatzeko plangintza baten barruan daudela, eta ez LOMCEren logikan; halaber, azterketetako emaitzek ikasleen txosten akademikoetan ondoriorik izango ez dutela azpimarratu dute. Proba pilotuak izan dira, ondorioen arabera azterketa eredua baliagarria ote den ala ez erabakitzeko.

Uriarte sailburuak salatu du ikastetxe batzuetan presio handia izan dela azterketon aurka, eta kanpoko aztertzaileek ere jasan dutela. EH Bilduko Rebeka Uberak ez ditu aintzat hartu Uriarteren azalpenak, eta kanpo-ebaluazioak LOMCEren ondorioz antolatu izana leporatu dio Hezkuntza Sailari.