argia.eus
INPRIMATU
Hiru ikastetxeren arteko trantsizio plana garatu dute Irunen, instituturako jauzian ikasleen beldurrak arintzeko
  • Lehen Hezkuntzatik DBHra igarotzeak ikasleengan hainbat beldur eta ezinegon sortzea oso ohikoa da, presio eta espektatiba ugari elkar gurutzatzen dira, zer esanik ez ikastetxe batetik besterako aldaketa baldin badago. “Zubiak eraikiz” programaren bidez, hiru ikastetxeren arteko trantsizio plana garatu dute Irunen.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urtarrilaren 30
Nagusiki, ikastetxe bateko eta besteko ikasleak harremanetan jartzea da proiektuaren ardatza, eta bi norabidetakoa da nahasketa. Argazkia: Pressphoto / Freepik

“Lehen Hezkuntzako azken mailan, mamu asko ikusten ditugu ikasleen artean, ikasturte hasieratik, mamu horietako asko gainera helduok sortu dizkiegu, esaten diegulako azken urtea dutela, helduen ikastetxera doazela eta dena aldatuko dela, azterketak... eta horrek ez die onik egiten”, dio Julen Urkia Dunboa eskolako zuzendariak. “Ikastetxe edo zikloko handienak izatetik pasako dira txikienak izatera, eta horrek beldur eta ezinegona sortu ohi die maiz”, gehitu du Sergio Gonzalez Toki Alai eskolako zuzendariak. “Etapa bakoitzaren momentuak bizi egin behar dira, eta egoera berrien aurrean espektatiba batzuk denok egiten ditugu, aldaketak beti ekarri ohi du ezinegona, baina aldaketak batzuetan ere ongi datoz, kontua da trantsizio horretan presioa apur bat jaistea, eta presio hori sarritan arlo akademikotik dator, zailtasun akademikoak izango dituztela pentsatzetik”, borobildu du Otsanda Tolosa Toki Alai DBHko zuzendariak.

Hirurak Antxeta Irratian elkarrizketau ditu Aitziber Zapirainek (entzun audioa lotura honetan), eta elkarlanean garatu duten proiektua azaldu dute: Lehen Hezkuntza hartzen duten Dunboa eta Toki Alai eskoletako ikasleak DBH hartzen duen Toki Alai institutura egiten dute salto (hiru ikastetxeen artean, 1.300 ikasle inguru dituzte), eta trantsizio hori leuntzeko plana dute martxan. “Ikasleek eurek aipatzen digute oso babestuta sentitzen direla Lehen Hezkuntzan, eta DBHra aldatzeko beldur direla, baina egiten ditugun ekintzen bidez erlaxatzen dira, pixkanaka helburua lortzen ari gara”.

"Egoera berrien aurrean espektatiba batzuk denok egiten ditugu, kontua da trantsizio horretan presioa apur bat jaistea, eta presio hori sarri dator zailtasun akademikoak izango dituztela pentsatzetik"

Ikasle handi eta txikien arteko zubi lana

Nagusiki, ikastetxe bateko eta besteko ikasleak harremanetan jartzea da proiektuaren ardatza, eta bi norabidetakoa da nahasketa: institutuko ikasleak Lehen Hezkuntzako bi eskoletara joaten dira, eta Lehen Hezkuntzako azken mailako gazteak institutura gerturatzen dira. Besteak beste, 2. DBHko ikasleak eurek sortutako ipuinak kontatzera doaz Lehen Hezkuntzako eskoletara, baita robotika jolasak azaltzera ere, Gabonetako postalak elkarrekin egiten dituzte, Lehen Hezkuntzakoen idazlanak DBHkoek zuzentzen dituzte, talde elkar-eragileak deiturikoetan hartzen dute parte (astero talde ezberdinetan elkartzen dira LHko ikasleak, eta horietan txertatzen dute DBHko ikasle bat, txokoaren arduradun), eta LHkoak DBHkoen eskolara doaz bisitan, hamaiketakoa tarteko. Azpimarratu dute ekintzak eta harremanak ikasturte osoan zehar elikatzen dituztela, lehen hiruhilekotik azkenekora, trantsizioa azken hiruhilekorako utziz gero motz geratzen dela iritzita.

“LHko ikasleek ezagutzen dituzte ikasle helduagoak, lehenengo harremanak hasten dituzte, eta esperientzia oso aberasgarriak izaten ari dira; institutura lehen aldiz bisita egin eta ateratzean entzuten dituzu esaten ‘kanpotik ikusita, imajinatzen nuen kartzela gisako zerbait’, baina barrura sartu eta lasaitu egiten dira”, kontatu du Julen Urkiak. DBHko ikasleek berriz, “gustura hartzen dute ardura; protagonista egiten dituzunean, inplikatu egiten dira eta dena ematen dute. Bigarren DBHkoak, gainera, lehenengo DBHkoekin ere aritzen dira, haien bizipenak kontatzen, harrera planean”, gehitu du Otsanda Tolosak. Emaitza oso ona izaten ari dela berretsi dute hiru zuzendariek.

Jakina, harremana ikasleen artean bakarrik ez, hiru ikastetxeetako irakasle, tutore eta orientatzaileen artekoa ere lantzen da. “Gazteek biziko duten prozesu honen aurrean ere, beharrezkoa izaten da helduon arteko informazio hori transmititzea eta ikasle bakoitzaren kasuistika azaltzea eta aztertzea, gerora izan ditzaketen beharrei ongi erantzuteko, baita irakasle batek bestearengana jo ahal izateko ere, behar den unean”, dio Sergio Gonzalezek.

"Beharrezkoa izaten da helduon artean ere informazioa transmititzea eta ikasle bakoitzaren kasuistika azaltzea eta aztertzea, gerora izan ditzaketen beharrei ongi erantzuteko"

Eta iritsi berrien trantsizioa?

“Lehen Hezkuntzatik Bigarrenerako egokitzapenaz eta trantsizioaz ari gara, eta hirira iritsi berri direnekin harrera plan on bat izatea ere oso garrantzitsua da, zubiak eraikitzea -dio Otsanda Tolosak-. Irunen herritarren trantsizio asko dago eta eskolatik harago joan behar luke harrerak, udalak izan behar luke familia hauei harrera on bat egiteko estrategiaren bat. Gure ikasle askok motxila handiak dituzte, eta bizipen eta bibliografia horiek partekatzea eta ezagutzea oso inportantea da, baita kultur aniztasun horretaz guztiaz jabetzea ere, denon artean osatzen dugulako komunitatea”. Bai Dunboa, bai Toki Alai zaurgarritasun indize altuko zentroen saretze programan daude, eta baliabide “gehiago eta bereziak” dituzte horregatik. “Irun hiriaren errealitatea da, eta horrekin lan egitea da gure ardura, familia guztiei zerbitzu on bat ematea eta laguntzea”, nabarmendu du Urkiak.

Ezker eskuin, Julen Urkia, Sergio Gonzalez eta Otsanda Tolosa. Argazkia: Antxeta Irratia.