Itaia emakume sozialisten sareak egun osoko jardunaldia egingo du Hernanin ekainaren 4an. Bigarren edizioa da aurtengoa. Emakumeen eta langileen egoerari buruzko bi hitzaldi egingo dituzte, baita emakume frontearen erronkei buruzko bat ere. Ondoren kontzertuak izango dira.
"Emakume langileok egunerokotasunean gure gaitasun teoriko eta politikoak garatzeko ditugun oztopoen aurrean, gure zapalkuntzaren inguruko analisiak egin eta honi aurre egiteko ditugun erronkei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat sortzea da jardunaldi hauen helburu nagusia", adierazi dio Itaia emakume sozialisten sareak ARGIAri.
10:00etan hasiko dute eguna eta harrera egin ostean, 10:30ean izango da lehen hitzaldia: "Emakumeon zapalkuntzaren azterketa eta horren ondorio politikoak". 12:30ean beste gai hau landuko dute bigarren hitzaldian: "Emakume langileon egoera egun: joera ekonomiko, politiko eta kulturala".
Bazkaritan indarrak hartu ostean, arratsaldeko saioan beste gai hau aztertuko dute: "Emakume frentearen erronkak eta emakumeen ahalduntze politikoaz". Ondoren, 19:30 aldera hasita, kontzertuak gozatuko dituzte, lau talde hauen eskutik: Ithaka, Trikoma, JMartina eta Malakias & Maixa.