argia.eus
INPRIMATU
Manifestazioek eta istiluek ez dute etenik Venezuelako gatazka mediatizatuan
  • Chavismoa eta oposizioa protesta egitera irten dira Venezuelako kaleetara eta hiru hildako eta hamarnaka zauritu eta atxilotu izan dira. Oposizioak Nicolas Maduro presidenteak kargua uztea eskatu du eta Gobernuaren aldekoek, aldiz, hura defendatu eta estatu kolpe saiakera salatu dute. Madurok elkarrizketarako deia egin du eta Henrique Caprilesek manifestazioekin jarraitzekoa.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 20a
Arg.: Europa Press

Apirilaren 19an independentziaren aldeko borrokaren hasiera ospatzen dute urtero Venezuelan eta aurten kalera irteteko erabili dute jai eguna chavismoak zein oposizioak. Herrialde osoan egin dituzte martxak eta Caracasen istiluak izan dira oposizioko manifestariak eraikin ofizialen zonaldera iristen saiatu direnean.

Hiru hildako egon dira, 24 urteko neska bat, 19 urteko mutil bat eta Polizia Nazional Bolivartarreko militar bat. Gertatutakoaren inguruko bertsioak ugariak dira. Oposizioaren esanetan, hildako gazteak oposizioko kideak ziren eta manifestazio bitarteko istiluetan hil dituzte, tiroz. El Universal egunkariak, berriz, jakinarazi du hildako neskaren senideek esan dutela hura ez zegoela manifestazioan. Horrez gain, mutilaren anaiak esan du hura ez zela oposiziokoa. 

Bien bitartean, Nicolas Madurok elkarrizketarako deia luzatu die oposizioaren bozeramaileei eta “indarkeriarekin eta kolpismoarekin amaitzeko” eskatu die. Tareck El Aissami Gobernuko presidenteordeak esan du oposizioko buruek planifikatu eta finantzatu dituztela kaleko istiluak, nazioarteko iritzian eragiteko eta esku-hartze bat justifikatzeko. Henrique Capriles oposizioko buruak, ordea, manifestazio gehiago deitu ditu aste honetarako.

Venezuelako Gobernuaren aldekoen eta aurkakoen arteko gerra mediatikoa geroz eta gogorragoa da. Pascual Serrano kazetariak salatu du nazioarteko medioek informazioa manipulatzen dutela, Nicolás Maduroren Gobernua "manifestari baketsuen errepresiogile" bezala erakusteko eta "istiluen goratzea" egiteko.