argia.eus
INPRIMATU
Hiru hautesleetako batek baino ez du bere boza erabakita
  • Apirilaren 23an presidente berria hautatzeko lehen bozketa eginen da Frantzian. Hamaika dira hautagaiak, baina bostek baino ez dute neurriko aukera. Horietatik hiruk dute podiuma hurbilen: Marine Le Pen, François Fillon eta Emmanuel Macron.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko apirilaren 07a
Inkesten arabera, bigarren itzulira pasaz gero, Macron izanen da presidente.

Marine Le Pen, François Fillon eta Emmanuel Macron. Lehena, muturreko eskuinaren ordezkaria da, bigarrena eskuin klasikoarena. Hirugarrena, Frantzia liberalarena. Bera da hautagai indefinituena. Inkesten arabera, bigarren itzulira pasaz gero, Macron izanen da presidente. Frantziako inoizko hauteskunde berezienak eta zalantzagarrienak dira horregatik.

Lehen bozketarako bi aste eskas falta dira eta hiru hautesleetako batek baino ez du erabaki, boza nori emanen dion. Fronte Nazionaleko (FN) hautagai Marine Le Pen bigarren itzulian izanen da, inkestek bozen %25 iragarri diote eta. En marche!-ko Emmanuel Macron Le Penen mailan dago, bozen %25a jasoko baitu. Les Réplublicains-eko François Fillon (LR) da hirugarrena, aurreko horiengandik zazpi puntura: bozen %18 jaso lezake. Itxura batez, lehen biak pasako dira bigarren bozketara, alta, Macronen aldeko bozemaileen fideltasuna ez da guztizkoa. Bozak inoiz baino “likidoagoak” dira. Frantziako presidentetzarako hauteskunde hauek paradoxikoak dira inondik ere.

Inkestek honelako emaitzak iragartzen dizkiete gainerako hautagaiei: Frantzia intsumiseko Jean-Luc Mélenchon, %15. PSko Benoît Hamon, %10. Aurreko hiruekin batera faboritoak dira. Haatik, gezurra badirudi ere, badaude ere beste sei hautagai: Nicolas Dupont-Aignan, % 4. Jean Lassalle, %1. Nathalie Arthaud, %1. Philippe Poutou, %0,5. François Asselineau, %0,5. Jacques Cheminade, %0,5.

Inkestak, inkestak besterik ez dira. Hautagaiekiko bozemaileen erabakitasuna ez da iraganean bezain finko. Halaber, alderdi politikoek bozemaile berrien atxikimendua zehaztugabea da

Inkestak, inkestak besterik ez dira. Hautagaiekiko bozemaileen erabakitasuna ez da iraganean bezain finko. Halaber, alderdi politikoek bozemaile berrien atxikimendua zehaztugabea da. Bozemaileen ehuneko 60k bozkatuko balu, ustekabeko albiste litzateke. Adituen ustez, abstentzioa %50era hurbil liteke. Areago, uneon, boza emanen duen hautesleen herenak baino ez du erabaki nori eman. Beraz, hautagai faboritoek ez dute bozen aldeko lehia guztiz ebatzia, kanpainan boz asko galdu lezakete ustekabez, baita asko irabazi ere.

Halaber, ez dezagun ahantz, ekainean Hauteskunde Legegileak izanen dira. Presidente izango denak ezin du kanpaina egin, haiek kontuan hartu gabe. Adibidez, Le Pen eta Macron hautagai faboritoek ez dute ia ordezkaritzarik Frantziako Legebiltzarrean. Frantziako azken agintaldietan eskuineko LR eta ezkerreko PS alderdiak dira politikagintzaren oinarria. Macron edota Le Pen presidente izateko posibletasunak Frantziako politika aro berri baten atarian dagoela ematen du aditzera.