argia.eus
INPRIMATU
Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen, genero indarkeria delituak leporatuta
  • Sexu erasoa egiten saiatzeagatik 35 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, Zabalganeko etxebizitza batean; Udaltzaingoak, berriz, beste bi gizon atxilotu ditu, San Martinen eta Alde Zaharrean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko urtarrilaren 14a

Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Gasteizen, Zabalgana auzoan, emakume bati sexu erasoa egiten saiatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez. Ertzaintzak 35 urteko gizonezkoa epailearen esku utzi du.

Segurtasun sailaren arabera, erasoa igande goizaldeko hirurak aldera gertatu zen. Ertzaintzari jakinarazi zioten emakume bat negarrez ari zela Zabalgana auzoko etxe baten atarian. Bertaratutako poliziek emakume bat aurkitu zuten bertan. Ezpainean zauri bat zuen eta oinutsik eta arropa gutxirekin zegoen. Emakumeak jakinarazi zuenez, etxebizitza batean bizi zen gizon bat berarekin harremanetan jarri zen diruaren truke sexu-harremanak izateko. Etxebizitzan zegoela, bezeroari aldez aurretik adostutako zenbatekoa ordaintzeko eskatu zion; hark erantzun zion dirua gela batean zuela, eta, beraz, gelara joan ziren, eta, bat-batean, ohe gainera bota eta gainean jarri zen gizona. Eskuekin jo eta lepotik heldu zion; borroka egin ostean, erasotzaileari ihes egitea lortu zuen emakumeak.

Udaltzaingoak, beste bi

Bestalde, 51 eta 22 urteko bi gizon atxilotu ditu asteburuan Udaltzaingoak Gasteizen bikotekideei eraso egiteagatik. Lehen atxiloketa ostiralean jazo zen, San Martin auzoko etxebizitza batean. Erasoa jasan zuen emakumea izan zen agenteei gertatutakoaren berri eman ziena. 51 urteko erasotzailea atxilotu eta epailearen esku utzi zuten poliziek.

Bestalde, 22 urteko gazte bat atxilotu zuten ere Alde Zaharreko etxebizitza batean. Atxilotua epailearen esku geratu da gaur goizean, eta 18 urteko emakumeari eginbideak ere ireki dizkiote, etxeko indarkeria delitu baten ustezko egile gisa.