argia.eus
INPRIMATU
Espetxeratu egin dituzte Bilbon emakume bat bahitzeaz eta erasotzeaz akusatutako hiru gizonetatik bi
  • Sexu erasoa eta bahiketa leporatzen diete espetxeratuei. Karguekin geratu da aske hirugarrena. Astearte arratsalderako mobilizazioa deitu du Bilboko mugimendu feministak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 24a
Artxiboko irudia.

Igandean lau gizon atxilotu zituen Ertzaintzak, emakume bat bortxatzea eta egunez atxikitzea egotzita. Horietako bat libre utzi zuen jarraian, bere parte hartzearen froga nahuikorik ez zegoelakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi zuenez, erasoak Bilboko Atxuri auzoko etxe batean jazo direla salatu zuen emakumeak. Ostiraletik igandera arte egon zen etxean bahituta eta erasoak pairatzen, hiru egunez. Ertzaintzak Basurtoko ospitalera eraman zuen emakumea.

Astelehena Ertzaintzaren komisaldegian eman zuten hiru gizonek. Astearte goizean epailearen esku utzi dituzte, prozedura judiziala hasteko. Arratsaldean, Bilboko 4. Instrukzio epaitegiak hiru gizonetarik bi espetxeratzeko agindua eman du, sexu erasoa eta bahiketa egotzita. Hirugarrena aske geratu da, karguekin. Hirurei urruntze agindua eta biktimarekin harremanetan jartzeko debekua ezarri die.

Salaketak

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak erasoa salatu dute, biktimari "babes osoa" adieraziz. Bilboko Alde Zaharreko Kalamiak talde feministak mobilizazioa deitu du astearte arratsaldeko 19:30etan, "Autodefentsa feministaz armatuta gaude" lelopean.