argia.eus
INPRIMATU
Hiru gaztetik batek dirua jokatzen du apustuetan EAEn
  • EAEko gazteen %29,2k azken urtean kirol apustuetan dirua jokatu izana aitortu du eta %5ek arazo larria izan lezake praktika horrekin, menpekotasuna garatzeko arriskua izateraino, Deustuko Unibertsitatearen inkesta baten arabera.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 06a
Gazteak apustu etxe batean dirua jokatzen.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteen drogen erabilera neurtzeko Deustuko Unibertsitateak egiten duen inkestaren IX. edizioan, 12-22 urte bitarteko 43 ikastetxetako 6.000 lagunek hartu dute parte. Apustuei dagokionez, gazteen %30 inguruk dirua jokatzen dutela adierazi dute azterketako emaitzek. Azken urtean esaterako, hamar lagunetik batek, hamar aldiz baino gehiagotan egin zuen apustu.

Manuel Gonzalez de Audikana azterketako zuzendariak azpimarratu du, gazteen jokorako joera 15 urtetik aurrera nabarmentzen hasten dela eta arazoaren sortzaileetako bat “Interneten neurrigabeko erabilera” izan daitekeela.

Juan Jose Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Menpekotasunen zuzendaria ere arduraturik azaldu da inkestako emaitzekin, “arazo berri baten aurrean gaude eta okerrerako joera har lezake”.

Ikerketaren arabera, ikasleen arteko joko praktika ohikoenak kirol-apustuak (% 29,2) eta dirua jokatzen den karta-jokoak (% 23,7) dira. Neurri txikiagoan, tragaperra makinak (% 16,6) eta Internet bidezko jokoak (% 7,4) daude.

Jokoa normalizatzea, apustu arriskutsua erreportajea irakurgai ARGIAn.